Sortuk “indarkeria matxista errotik erauztea” aldarrikatzen du

“Gaurko egunean indarkeria matxistaren aurkako kontsentsu politiko eta soziala erakutsiko den arren, indarkeria hori errotik erauzteko borrokan ez gara nahi eta behar beste aurreratzen ari”, adierazi du Sortuk Azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeonganako indarkeriaren aurkako egunaren harira sare sozialen bitartez zabaldu duen mezuan.

Sorturen ustez, “Bai bakarrik da bai” lege berria bide honetan “aurrerapausu bat den arren, legeak ez ditu indarkeria matxistaren aurpegi guztiak aintzat hartzen. Oraindik, justizia feministarantz bidea dugu egiteko”

“Baina justizia feminista ez da aldarri huts bat”, dio Sortuk. “Justizia feministak posizio politiko batetik jokatzea exijitzen du, praktika eta jokabide zehatz batzuekin. Eta, matxismoa errotik erauzi ahal izateko, etxetik hasi behar dugu”.

Ezkerreko independentisten erakundeak “indarkeria matxista esparru guztietan gertatzen da, baita gure erakundeetan ere” adierazi du. “Eta ez soilik izozmendiaren muturrekoak, baizik eta intentsitate maila desberdinetako ekintza eta adierazpide guztiak. Ez dira kasu isolatuak, dominazio sistema baten adierazpen desberdinak baizik”.

Horregatik, “ezker abertzaleak duela bi urte berritu zuen orain aplikatzen ari den protokoloa, esku-hartze feminista oinarri duena. Eraldaketaren zentzuan prozesuak planteatzen ditu, komunitate osoa interpelatuz eta erasoa posible egiten duen testuinguruaren kontzientzia hartuz”, azaldu du Sortuk.

Gainera, “zailtasun guztien gainetik, indarkeria orori ikuspegi eraldatzailez aurre egiteko hartutako erabaki politikoan berresten gara. Azaroaren 25 honetan ere sinisten duguna esan, eta esaten dugun hori egin nahi dugu” bukatzen du Sortuk bere mezua.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude