Leioako emakume gazteen talde feminista Suteak Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako Greba Orokorrarekin bat egin du.
Bere facebook orrian zabaldu du aipatu greba deialdian parte hartzeko dituen arrazoiak.
Diotenez, ugariak dira emakumezkoen arrazoiak greba egiteko, baina zabaldutako arrazoi nagusiak hauexek izan dira: emakumeon prekarietatearekin bukatzeko (“inposatutako jardunaldi partzialekin, soldata arrakalarekin, behin-behinekotasunaerekin eta zerbitzu publikoen pribatizazio eta azpikontratazioarekin bukatzeko), barne etxeko langilearen figura desagertzeko (lan baldintza onartezinak dituztelako), zaintzarako eta menpekotasunari arreta emateko berezko sistema publikoa nahi dutelako, genero indarkeriaren legea zabaltzeko (bikote harremanaz gaindi gertatzen diren indarkeria matxista eta LGTBIK+ fobiaren askotariko adierazpenak barnean hartzeko), emakumeen ugalketa eskubidea eta abortu librea bermatzeko; transexual pertsonen despatologizazioa aldarrikatzen dutelako, Europar Batasuneko migrazio politika genozidei ezetz esateko (mugak ireki eta CIE guztiak ixteko), euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzeko (“eta emakume* presoek bizi duten isolamendu hirukoitzarekin amaitzeko ere”), gerrari planto egiteko (“Euskal Herriko armagintza enpresak nahiz gerra-helburuekin egiten diren ekoizpenak gelditzeko”) eta kontratazioetan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzeko.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, urtarrilaren 30eko greba deialdia “feminista izango da”, Suteak adierazi duenez.

Kotxe karabana iragan larunbatean
Uribe Kostako mugimendu feministak iragan larunbatean kotxe karabana burutu zuen. Gorlizetik abiatuta eskualdeko herri guztietatik igaro ziren Erandion bukatzeko. Hogeita hamabost emakumek hartu zuen parte ekimen honetan. Horren bidez Uribe Kostako mugimendu feministak Urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialenn Kartak deitutako Greba Orokorrean parte hartuko duela ezagutarazi nahi izan zuen. Grebak euskal gehiengo sindikalaren (ELA, LAB, HIRU, EHNE-Etxalde, Steilas), CNT sindikatu anarkistaren, euskal mugimendu feministareneta gizarte- eta gazte-erakunde ugariren atxikimendua eskuratu du orain arte.