U30eko grebaren deialdia erregistratu dute deitzaileek

Euskal Herriko Eskubidea Sozialen Karta sinatu duten sindikatuek hilaren 30eko grebaren deialdia erregistratu dute gaur. Greba orokor honek herritarrei bizi baldintza duinak bermatzea duela helburua gogoratu dute. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, ETXALDE ETA HIRU sindikatuetako ordezkariak izan dira greba erregistratzeko ekitaldian.

«Greba Orokorrarekin jauzi bat eman nahi dugu herritar askoren lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan. Eskaera zeahtzak jasotzen dituen aldarrikapen taula bat garatu dugu, herritarren beharrei zuzenean erantzuten dieten proposamenak. Pentsio sistema publikoa bermatu nahi dugu, lan baldintzak hobetu, eskubide sozialak garatu, eta sinetsita gaude Greba Orokorra helburu guzti hauek lortzeko tresna eraginkorra izango dela», adierazi du ELA sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak.

Lakuntzak mezu zuzena luzatu nahi izan die Iñigo Urkullu eta María Chivite burut dituzten gobernuei. «Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ezin dira ezkutatu egungo egoeraren aurrean. Pobrezia, esaterako, hazten ari da, eta administrazio publikoek erantzukizun handia dute horretan. Eta ezin direla ezkutatu diogu egoera iraultzeko tresnak eta baliabideak izan badituztelako. Gure eginbeharra presioa egitea da, grebaren erregistro honetan publiko egin ditugun aldarrikapen hauek bete daitezen estutzea», adierazi du.

Garbiñe Aranburu (LAB): “Lan guztien aitortza, enplegu duina eta pentsio duinak aldarriaktuko ditugu”

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko Idazkari Nagusia ere Bilbon izan da. Adierazi du ofentsibara begira izango den Greba Orokorra izango dela. «Ofentsibara, lan guztien aitortza politiko eta soziala eskatuko dugulako, zaintza lanena barne. Azken hauek ezinbestekoak direlako bizitza sostengatzeko. Ofentsibara, enplegu duina ere aldarrikatuko delako eta ofentsibara, pentsio duinen alde», esan du.

Bizitza duinaren aldekoa izango da urtarrilaren 30eko greba azpimarratu ondoren, Aranburuk gogoratu du urteko lehen 9 egunotan honez gero sei langile hil direla lan istripuetan. «XXI. mendean gaude eta gaur egun lanera joateak gaixotzea edo hitzea esan nahi du. Hau, langileenganako indarkeria mota bat da. Hildako bakar bat egotea onartezina litzatekeela» gaineratu du. «Bizitza duinaren alde, langileen lan osasunerako eskubidea ere defendatuko da urtarrilaren 30eko greban».

Ipar Euskal Herrian gaur egiten ari diren greba ere gogoan izan du Aranburuk, abenduaren 5etik pentsio duinen aldeko borroka batean murgilduta daudela nabarmenduz, horrek pentsio sistema propio baten beharra berresten duela azpimarratuz, Madril eta Pariseko Gobernuetatik pentsioen aurka etorritako erasoen aurrean.

Garbiñe Aranburu (LAB) eta Mitxel Lakuntza (ELA)ren sindikatuen adierazpenak

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude