Udal Kultura sailak gazteen kultur programazioari buruzko iritzia ezagutzeko inkestak egingo ditu

Leioako Udaleko Kultura sailak Leioako gazteek kultur programazioari buruz duten iritzia, gustuak eta lehentasunak ezagutu nahi ditu, udalerriko programazioa egiterakoan kontuan hartzeko. Horretarako, asteburu honetan inkesta azkarrak egingo zaizkie Leioako biztanleei kalean.

GAZTEkultura “Leioan eredu parte-hartzaile berri bat sortzeko helburuarekin sortu den prozesua da, udalak gazteriarekin eta udalerriko gobernantzarekin duen konpromisoari erantzun eraginkor eta berritzailea emango diona”, udalak adierazitakoaren arabera.

2018an, Leioako Udala gazteriaren arloko hausnarketa estrategikoaren prozesu baten buru izan zen, eta ehunka gaztek parte hartu omen zuten. Orain, galdetegi hau martxan jarri du, alde batetik, ahalik eta informazio gehien lortzeko eta, bestetik, hurrengo lan-saioak egiteko interes-taldeak identifikatzeko.

Asteburuan (osteguna, ostirala eta larunbata) bi pertsona Leioako hainbat gunetan ibiliko dira, gazteak biltzen diren udalerriko kultur eskaintzari buruzko inkesta laburrak egiteko. QR kode bat duten kamisetak jantziko dituzte, inkesta labur eta zehatz bat egiteko.

GAZTEkulturako prozesu honen helburua, Udalaren arabera, “gazteen askotariko begiradak txertatzea da kultura-politiken eta -programen diseinuan eta betearazpenean, partaidetza- eta kudeaketa-eredu berri bat sortzeko aukera emango duena, eredu hori ezartzen lagunduko duena eta balioa emango diona”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude