Udalak hirigintza Plangintza Aholku Batzordea berrituko du

Udalak hirigintza arloko Plangintza Aholku Batzordea berritzeko epea zabaldu berri du. Neurria abuztuaren 23ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu da.

Alkatearen dekretu baten bidez martxan jarri da Udal Plangintzako Aholku Batzordeko zazpi kide berritzeko prozesua. Honakoak dira berritu beharreko kideak: Auzokideen Elkarteena, ingurumenaren defentsan ari diren antolakundeena, ezinduen elkarteena, kultura- eta kirol-elkarteena, emakumeen elkarteena, adinekoen elkarteena eta herriko merkatarien elkarteena.

Plangintza Aholku Batzordearen Arautegian zehazten denaren arabera, kide horiek izendatzeko bere 8. aritukuluari jarraituko zaio. Zehazkiago, 8.2 puntuan xedatzen denez, “parte hartzeko eskaera egiten duten erakundeen kopurua dagokion taldeko ordezkarien kopurua ( edo elkarte mota bakoitzetik bat) baino handiagoa bada, alkateak aurkeztu direnen artean izendatuko ditu ordezkariak, irizpide hauek kontuan hartuta: Leioako auzoetako gizarte-jardueran duen ezarpena, ordezkaritza eta ibilbidea”. Gutxienez, “bitxia” ematen du alde sozialeko ordezkariak alkateak izendatzea eta ez eremu horretako kideen artean egitea.

Edonola ere, interesa duten elkarte edota taldeek irailaren 24ra arteko epea dute haien ordezkariak (titularra eta ordezkoa) proposatzeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez idazkia aurkeztuz, Alkate-dekretuaren I. eranskineko ereduaren arabera.

Kurkudin eraiki nahi den kiroldegi pribatuak eragindako aldaketa

Aldaketa Kurkudi mendian Ama Domingotarren komentuaren lurretan egin nahi den Kiroldegi pribatuak eragindakoa da. Proiektuak lur-zoru horren hirigintza-kalifikazioa aldatzea beharrezko du eta, ondorioz, Euskal Autonomia Elkargoko 2/2006ko Hirigintza eta Lurzoruaren Legeak zehazten duenez, tokiko Plangintza Aholku Batzordearen txostena ezinbestekoa da.

Leioako Hirigintza Plangintza Aholku Batzordea, baina, ez zegoen berriztuta osatu zenetik, eta kide hauen izendapen aldia (4 urte) igarota zegoen, EH Bilduk adierazi zuenez. Hori dela eta, Udal Gobernuak Batzordearen izendapenak berritzeari ekingo ziola hitz eman zuen, oraintsu martan jarri duelarik.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude