Udatxikin izena emateko epea irekiko da hilaren 18an

 Izena emateko epea maiatzaren 18tik 26ra bitartekoa izango da, biak barne

Datorren uztailean Udatxiki Haur Hezkuntzako haurrentzako jolas- eta hezkuntza-programa itzuliko da. 2022ko edizio honetan, 2016, 2017, 2018 eta 2019. urteetan jaiotakoak hartuko ditu programak, baldin eta Leioan erroldatuta badaude, edota Leioako eremu mugakide bateko ikastetxe publiko batean matrikulatuta badaude, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zonakatzearen ondorioz. Inskripzioak hamabostaldika edo hilabete osorako izango dira.

“Lanean diren gurasoei lagundu nahi dien programa da Udatxiki, lana eta familia batera eramaten laguntzeko, eta aldi berean ikasturteko heziketaren osagarri moduan aurkezten da programa hau, kalean eta komunitatean murgilduago”, dio Udalak. 

Programa Altzaga, Artatza-Pinueta eta Txomin Aresti ikastetxe publikoetako instalazioetan garatuko da; 2022an Txomin Aresti ikastetxea Mendibileren ordez izango da Udatxikiren kokapen berria. Jarduerak 09:00etatik 14:00etara daude programatuta, eta haurtzaindegi zerbitzua 08:00etatik 09:00etara erabil daiteke.

Haurrak bazkaltzen eta siestan uzteko aukera ere badago 14:00etatik 16:00etara. Horretarako, familiek termo batean ekarri beharko dute janaria. Eguerdiko zerbitzu honek –diruz lagundu gabekoak- aparteko tasa du.

Izena emateko epea maiatzaren 18tik 26ra bitartekoa izango da, biak barne, eta udal Egoitza elektronikoaren bidez egingo da edo aurrez aurre, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan, udaletxean edo Gaztelubiden.
Informazio gehiago nahi izanez gero, 94.607.2576 telefonoan edo udalhezkuntza@leioa.eus helbidean.

Info +

Udatxiki programari buruzko informazioa  Udatxiki 2022 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.