UPV/EHUk Urrezko Domina eman dio Euskaltzaindiari

Atzo goizean, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak UPV/EHUren Urrezko Domina eman dio Euskaltzaindiari, urtez urte euskara arautu eta modernizatzeko egindako lanagatik.

Nekane Balluerka errektoreak adierazi duenez, “Euskaltzaindia eta Unibertsitatea bi erakunde desberdin dira, baina esan dezakegu bi-biak eskutik helduta ibili direla azken mende erdian. Euskaltzaindiak merezimendu osoz jaso du Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina”.

Era berean, bi erakundeen arteko harreman estua ere nabarmendu du errektoreak; izan ere, asko dira Euskaltzaindiarekin elkarlanean diharduten UPV/EHUko ikerlariak.

Urrezko Domina jaso ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskerrak eman ditu sariagatik, eta honako hau azpimarratu du zuzentzen duen erakundearen inguruan: “1918-1919 urte bitartean sorturiko Akademiak, egun euskararentzako erakunde aholku emaile ofiziala denak, historian zehar zin-zinezko komunitate zientifiko eta akademikoa ondu du, eta bere egitekoa gizartearen zerbitzuan jarri du. Euskaltzaindia gu guztiok, euskal hiztun-elkartea osatzen dugun guztiok osatzen dugu, norbaitek osatzekotan “.

Miren Azkaratek, UPV/EHUko Euskal Filologiako katedradun, UPV/EHUko Euskara Institutuko zuzendari eta Euskaltzain osoak, laudatioa egin du, eta Euskaltzaindiak egindako ibilbidea goraipatu du: “100 urte Euskara Ehuntzen, hori izan da Euskaltzaindiak mendeurrenerako hautatu zuen goiburua. Aitortu behar zaio Akademiari egoki erantzun diela garai eta aldi bakoitzeko itxaropen eta eskariei; behar bezalako hari-multzoa osatu duela ehundegi horretan”.

Urrezko Domina, UPV/EHUk 1983an ezarria, da erakunde honek pertsona fisiko edo juridiko, pribatu eta publikoei egindako aitorpenaren adierazpide, jarduera akademikoa edo emandako zerbitzuengatik hura jasotzeko merezimenduak dituztelarik.

UPV/EHUren Urrezko Domina emateko ekitaldia Leioa-Erandio guneko Areto Nagusian  izan da, eta erakundeetako eta gizarteko hainbat ordezkari izan dira bertan. Besteak beste, honakoak izan dira partaide: Miren Dobaran Urrutia, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Miren Artaraz Miñon, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; Amaia Esquisabel Alegria, Eusko Jaurlaritzako Ikerketaren zuzendaria; Ana Otadui Viteri, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Iñaki  Dorronsoro Plazaola, Eusko Ikaskuntzako presidentea; eta Kepa Sarasola Gabiola, UEUko zuzendaria.

Orotara, orain arte UPV/EHUk 20 erakunde zein pertsona ospetsuri eman die Urrezko Domina: Eduardo Chillida, Ignacio Mª Barriola, Manuel Agud Querol, Pedro Miguel Echenique, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Joxean eta Jexus Maria Artze anaiak eta Eusko Ikaskuntza, besteak beste.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude