Gaur, berriro ere, mobilizazio eguna izango da Kataluniarekin elkartasunean. Deitzaileak askotarikoak izango dira: euskal gehiengo sindikala, gazte erakundeak eta herri ekimenak.
Euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek (ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU, EHNE eta Etxalde), konzentrazioa deitu dute UPV/EHUren Leioako Campusean 13:00etan. Arratsaldeko 19:00etan ere, manifestazioak deitu dituzte euskal hiriburuetan. Eta gaueko 22:00etarako kazerolada eta argiak amatatzeko deialdia zabaldu da.
Sindikatuek agerraldia egin zuten atzo, Katalunian gaur burutzen ari den greba orokorrari babesa emateko eta erreferendum egunean pairatutako indarkeria salatzeko. Bide batez, elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte gaurko. Adierazi dutenez, “burujabetzara eramango dituen bidea geratuko duen errepresiorik ez dago, zilegitasun osoa dute, atzoko emaitzak eta gero, indarberriturik jarraitzeko prozesu horretan”.
“Erreferenduma demokrazia kontua zen. Herriari hitza eman eta errespetatzea”, azaldu zuten. “Katalunia salbuespen egoeran aurkitzen zela gauza jakina zen, aurreko asteetan ere errepresioa izan baitzen Estatuaren erantzuna, baina igandekoarekin urrats bat aurrerago joan da Espainiako Gobernua”, sindikatuen arabera. “Egoeraren larritasunak hala eskatuta, Katalunian greba orokor eguna dute gaur, eta Euskal Herrian ere mobilizatu behar dugula pentsatzen dugu, Kataluniarrei gure babesa adierazteko, demokraziaren alde eta erabakitzeko eskubidearen alde, eta estatuaren errepresio eta inposizioaren aurka” adierazi dute sindikatuetako arduradunek. Horregatik “langileei dei egiten diegu lantokietan mobilizatzera eta deituko diren ekimenetan parte hartzera”. Hala, sindikatuek deituta, goizean 11:00etan konzentrazioa burutuko da Bilboko Udaletxearen aurrean, eta 13:00etan UPV/EHUko Leioako Campuseko Mikel Laboa Plazan. Arratsaldeko 19:00, bestalde, manifestazioa deitu dute Bilboko Plaza Eliptikotik.
Ernai gazte erakundeak, bere aldetik, bat egin du sindikatuen deialdiekin. Leioako Campusean 13:00etako konzentraziora deitu du. Eta horren ostean, ikasle burrunbada burutuko du Campusean zehar.
Eguneko mobilizazioekin bukatzeko, gaueko 22:00etarako konzentrazioa deitu dute berriro ere Bulebarrean.
Kazerolada jendetsua burutu zen igande gauean
Igande gauean ere mobilizazio jendetsu eta berezia burutu zen Leioan. Sare sozialetatik arratsaldeko lehen orduetan zabaldutako kartelaren bitartez deitutako kazeroladan ia 300 lagun batu ziren Bulebarrean. Hamar minutuko zaratari ekin ostean, Ikeabarriko Plazara abiatu ziren, bertan ere geldialdia eginez. Bertatik Plaza Gorrira, Udondoko Bulebarrera, Euskal Etxeen Plazara eta, berriro ere, Bulebarrera itzuli ziren.
Mobilizazioan erreferendum egunean katalandar herritarrek jasandako errepresioa salatu zen eta adi egoteko deitu zuten deitzaileek. Bukaeran, gainera, Gure Esku Dago Leioaren taldeko bi kidek egin zuten berba, Kataluniari elkartasuna adieraziz eta denak “Leioan, azaroaren 5ean egingo den herri-galdeketan parte hartzera” deituz.
UPV/EHUko errektorego taldeak bat egin du Kataluniako Unibertsitate Publikoen Elkartearen adierazpenarekin
EHUko Errektorego taldeak gaur zabaldutako prentsa-oharrean, Kataluniako gertakarien aurrean “bat egiten du atzo Kataluniako Unibertsitate Publikoen Elkarteak egindako adierazpenarekin”. Aipatu elkarteak “atxilotuen aurrean eta, unibertsitateen eta ikerketa zentroen kontu-bankuen esku hartzearen aurrean, aurreko astean demokrazian elkar ulertzeko bide bakarra elkarrizketa dela aldarrikatu genuen, bai eta Estatu espainoleko Gobernuak abian jarritako errepresio-neurrien arbitrarietatea salatu ere”. Igandean Espainiako polizia eta guardia zibilek erabilitako “bereizkuntzarik gabeko eta indarkeriazko jardunbideen aurrean, gaur berriro ere demokrazia bakarrik hutestontzietan eraiki daitekeela” adierazi dute.
Bestalde, komunitate unibertsitarioari lasai hartzeko deia egiten diote eta Katalunian bizitzen ari den prozesu politikoaren aurrean “aukera eta iritzi politiko guztiekin errespetu osoz eta modu baketsuan jarduteko” eskatu dute. Era berean “gure konpromiso irmoa berritzen dugu, elkarrizketa eta negoziaketaren defentsan, norbanakoen eta kolektiboen eskubideen defentsan eta, azken finean, demoraziaren defentsan”.