Arantzazuko Adierazpena

Erabakian gara. Gure bizitzen jabe izan nahi dugu, gure bizitzak berreskuratu nahi ditugu; gure bizitzak eta gure etorkizuna, gure esku.

Aurrez-aurre ditugun erronkei eusteko unea da. Ez diogu krisi klimatikoari behar bezala erantzungo goi gailurrez gailur, neurri eraginkorrak hartzeari uko egiten badiogu. Ez diogu osasun krisiari behar bezala erantzungo, mundu mailako erantzun bat emateko gai ez bagara. Ez diogu krisi sistemikoari behar bezala erantzungo ez badugu sistema denon bizitzetara egokitzen. Bistan da erronka globalek mundu mailako neurriak eskatzen dituztela, baina sinestuta gaude tokian-tokiko erantzunen eskutik etorri behar direla. Gertuko burujabetzatik, herri kohesioa bermatzen duen burujabetzatik jarduteko garaia da.

Krisien eta ziurgabetasunaren aurrean, batzuek jarrera autoritarioetan topatzen dute ziurtasuna, ustezko etsaiak baztertuz bilatzen dute babesa. Guk ez dugu norabide hori hartu nahi. Inork gure izenean agintzeak baino, gure bizitzen jabe izateak ematen digu guri ziurtasuna. Eta burujabe izatea aurrez-aurre ditugun eraldaketa eta erronkei eustea da, gertatzen zaigunaren gaineko erantzukizuna beste inoren eskuetan ez uztea: inplikatzea, konprometitzea eta erabakitzea. Gure herriak behin eta berriz egin du. Jostun eta artisau izan gara, zubigile eta kate-begi. Herri gisa, jakin dugu oztopoen aurrean erresilentziaz jokatzen, txarrenari onena ateratzen. 60ko hamarkadako loraldian bezala, tresna burujabeak sortuz, garai ilunenetan ere loratzeko gai izan gara.

Herri bat gara, eta herri gisa, gure etorkizun politikoa gure esku nahi dugu. Gehiengo zabal bat osatzen dugu, hamar euskal herritarretik zazpi gara, baina hamarretik hamarrentzako proposamena da gurea, erabakitzeak egiten gaituelako nor, eta elkarrekin erabakitzeak, herri. 

 Euskal herritar gehienok ez dugu indarrean dagoen marko juridiko-politikoa berresteko edo aldatzeko aukerarik izan. Guk ez dugu aukeratu hiru eremu administratibotan eta bi estatutan banatuta bizitzea. Ezin dugu halako erabakiak beste inoren eskuetan egotea onartu, guk geuk hartu behar ditugu, gure esku behar ditugu.

Herriari hitza emateko garaia da, edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa. Euskal herritarrok gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa eta autogobernu maila, eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea dugu. Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Honenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak. 

Burujabetzarako bidean jauzi bat egitea gure esku dago. Gu guztion esku dago. Sinestu dezagun. Esku guztiak norabide berean jartzeko unea da; eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea, denok baitugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete baitezake berea. 

Gure etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra aldarrikatzen dugu. Gaur Arantzazun bildu garen herritarrok, norberak bere alorretik, gure alea jartzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu, eta era berean, erronka honi eusteko dei egin nahi diogu gizarte osoari. Eragileei dei egiten diegu norabide honetan inplikatu daitezen; erakundeei, herritarron borondatea aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta lege bilakatzeko konpromisoa har dezaten; eta herritar guztiei dei egiten diegu herri gogoa errealitate bilakatzeko lan egin dezaten. Izan gaitezen berriz ere jostun eta artisau, zubigile eta kate-begi. Joka dezagun burujabe, inplikatuz eta konprometituz. Erabakian gara, bidean gaude.

Sinatzaileak

Ainhoa Etxaide, Ainhoa Latatu, Ainhoa Olaso, Ainhoa Txurruka, Aitziber Garmendia, Aize Otaño, Alazne Beltran de Lubiano, Alizia Iribarren, Amaia Goirigolzarri, Amalur Alvarez, Amancay Gaztañaga, Amets Mtz de Heredia, Andoni Aizpuru, Ane Alava, Angel Oiarbide, Anna Garcia,  Ariane Alberdi, Beñat Irasuegi, Eduardo Gaviña, Eguzki Urteaga, Eneritz Zabaleta, Estitxu Eizagirre, Estitxu Garai, Gaizka Aranguren, Garazi Castaño, Garazi Hach Embarek, Garbiñe Aranburu, Garbiñe Biurrun, Gemma Zabaleta, Gorka Espiau, Gotzone Sestorain, Haizpea Abrisketa, Helena Franco, Idurre Eskisabel, Imanol Esnaola, Iñaki Goirizelaia, Iñaki Gomez, Iñaki Soto, Iñigo Salaberria, Iñigo Urrutia, Iratxe Alvarez, Iratxe Esnaola, Isabel Elizalde, Izaskun Etxeberria, Izortze Santin, Jabi Azurmendi, Jexux Uzkudun, Jon Maya Sein, Jose Mari Agirretxe, Joseba Azkarraga, Joseba Tapia, Josu Etxaburu, Juan Jose Ibarretxe, Juan Kruz Lakasta, Juanjo Celorio, Jule Goikoetxea, Karmele Olabarrieta, Kike Amonarriz, Kike Zurutuza, Kiko Caballero, Koldo Tellitu, Koldo Zarate, Laura Mintegi, Libe Mimenza, Lorea Agirre, Maialen Arteaga, Maite Aristegi, Mario Zubiaga, Martxelo Otamendi, Menane Oxandabaratz, Mikel Irizar, Mirene Begiristain, Miriam Campos, Nagore Iturriotz, Naia Torrealdai, Naiara Goia, Nekane Alzelai, Nekane Artola, Nekane Balluerka, Nekane Berriotxoa, Olatz Salvador, Oroitz Jauregi, Patricia Velez, Paul Bilbao, Pello Urzelai, Pilar Kaltzada, Rafa Diez Usabiaga, Ramon Zallo, Sagrario Aleman, Samara Velte, Tarana Karim, Tasio Erkizia, Teresa Toda, Txutxi Ariznabarreta, Ugo Mayor, Unai Oñederra, Unai Pascual, Urko Aierbe, Xabier Oleaga, Ximun Fuch, Zelai Nikolas

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude