EH Bildu Leioak 2022rako Udal aurrekontu proposamenari 1,7 miloi euroko zuzenketak aurkeztu dizkio

EH Bilduren Leioako udal taldeak zuzenketa partzialak aurkeztu dizkio EAJk eta PSEk osatutako gobernu taldearen Leioako aurrekontu proiektuari, 1.700.000 €-koak. Hauetatik 1.595.000€ proiektuan sartzen ez diren partida berriak planteatzen dituzten zuzenketei buruzkoak dira, eta 105.000€ aurrekontu-proiektuan dauden partidetan (euskara, immigrazioa, kultura) planteatu dituzten igoerei buruzkoak. Zuzenketak aurrekontu osoaren % 4,2 dira, eta aurten 40 milioi eurotik gorakoa da. Era berean, 3 akordio politiko proposatu dizkiete EAJ eta PSEren gobernu-taldeari: udalaren konpromiso instituzionala, Lamiakotik igarotzen den metroaren lurperatze osoa defendatzeko; Ondiz eta haren mendi-hegala babesteari buruzko akordioa; eta udal-lokalen erabilerari buruzko akordioa, herritar guztiei eta elkarteen erabilera bermatzeko.

EH Bilduk argitara emandako oharrean gogoratzen duenez, “iaz EAJk Leioan EH Bildurekin aurrekontu akordioa lortzeko zuen borondate eza salatu genuen. Garatu gabeko partidak kentzea proposatzen zuten, aldez aurreko akordioen ondorio zirenak (Pinueta birgaitzea, Pinueta eta Carbonerako aparkalekuak…), lortutako adostasun eta akordioak hautsiz. EAJk hautsitzat jo zuen EH Bildurekin aurrekontuen gaian zuen lankidetza Leioan. Aurrekontu-akordio horiek, gure ustez, oso gauza positiboak lortu zituzten udalerriarentzat: LejoanBusa eta Sabino Arana kalea oinezkoen kale bilakatzea”, besteak beste.

Egoera horren aurrean, “udal aurrekontuei osoko zuzenketa aurkezteko baldintzak bazeudela uste dugun arren, EH Bildu Leioak erabaki du ez baztertzea negoziazio-bidea aurrekontuetan, eta horregatik aurkeztu ditugu zuzenketa partzialak”, adierazi du talde subiranistak. “Aurrekontuak hobetzen saiatu nahi dugu, eta badakigu dagoeneko gehiengo nahikoa dutela onartuak izateko (EAJ eta PSE); horregatik, udal-taldeak hainbat pertsona eta kolektiborekin kontsulta-prozesu bat egin du, udalerriko aurrekontuen zuzenketetan landu beharreko lehentasunak planteatzeko”.

Honako jarduera-ildo hauek proposatzen ditu EH Bilduk bere zuzenketetan: Pinueta birgaitzeko partidak berreskuratzea, Pinuetako eta Carbonerako aparkalekuak, EAJk bere kabuz hautsitako aurretiazko akordioak, akordioetara iristeko konfiantzazko giro egokia sortzeko gauzatu behar direnak. Bestetik, Pinuetako frontoia estaltzea, balio anitzeko aretoa gehituz; Lamiako auzoan hobekuntzak egitea eta Lamiakoko frontoia konpontzea; Iparagirre zeharkaleko zaborren biltegia lekuz aldatzeko azterketa egitea; puntu beltzak kentzea; disuasio-radarrak eta LEDen informazio-panela Leioako sarreretan eta eskola-guneen inguruan; etxebizitzarekin zerikusia duten partidak, etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzea eta erraztea helburu dutenak; mugikortasun eta hirigintza iraunkorrarekin lotutako partidak; eta euskara, kultura, hezkuntza eta kirolarekin lotutako partidak.

Ezkerreko subiranisten taldeak dioenez, “beste behin ere, EH Bildu prest agertu da gobernu taldearekin elkarlanean aritzeko eta negoziatzeko, baldin eta horrek herritarren bizi-kalitatea hobetzen badu. Kontsulta-lana egin dugu, eta udal aurrekontuen proiektua hobetzen duten zuzenketak proposatu ditugu. Gure eskua luzatuta dago negoziatzeko eta adosteko. Espero dezagun EAJ eta gobernu taldea egoerak eskatzen duen mailan egotea”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude