EITBk Maddalen Arzallusek Jon Kepa Parot-i eskainitako kantua zentsuratu eta bere webgunetik kendu du

«Zer da 32? Bizitza bat, bizitza bi? Azkenerako krisketa kendu zaio ateari… Nahiz eta dena ez den argi eta zalantzaz naizen ari, ea etxea senti dezakeen ilunpeko kabi», hitzekin amaitzen zen Arzallusek gitarra eskutan hartuta kantatutakoa.

Ohi bezala, EiTBk webgunean eskegi zuen kolaborazioaren bideoa, baina kasu honetan, ordu batzuren buruan desagertu egin zen. Hala ohartarazi zuten hainbat erabiltzailek sare sozialetan.

Faktoria saioaren Twitter kontuaren jarduna ere mugatuta ageri da, eta horrek pentsarazten du salaketa kopuru handia jaso duela.

EH Bilduren Mahai Politikoko bozeramaile Unai Urruzunok adierazi du «EitbNet-eko zuzendaritzako kide baten aginduz» kendu dutela eduki hori. Koalizioak hilaren 25ean egingo den EiTBren administrazio kontseiluaren bileran azalpenak eskatuko dituela ere aurreratu du Urruzunok.

Nolanahi ere, Arzallusen bertsoa zentsuratzeko saiakerak berehalako erantzuna izan du sarean, baina ez hura ezabatzeko erabaki hartu dutenek espero zuten zentzuan. Izan ere, biderkatu egin da bere hedapena eta ez dira gutxi hura isilarazi izana salatu dutenak.

Maddalen Arzallusen bertsoak hemen ikusi eta entzun daitezke.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.