Emakumeok* nazkatuta gaude

Sutea Gazte Talde Feminista

Emakumeok* nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude sistema heteropatriarkal kapitalistak sortzen digun biolentziaz. Egunez egun zapaltzen gaituen egiturazko biolentzia honi aurre egiteko sistema osoa irauli beharra dugu. Hori dela eta, gaur, emakumeonganako indarkeriaren kontrako egunean, feminismoz armatuta kaleak hartzen ditugu. Barruan dugun amorrua eta mina kolektiboki antolatu, indarra bihurtu eta itotzen gaituzten zapalkuntzekin haustera goaz.

Hala ere, argi dugu biolentzia patriarkalarekin bukatzeko egun puntualetatik haratago joan behar garela eta ez dugula onartuko arazoaren errora jotzen ez duen diskurtsorik ez eta jarrerarik ere.

Botere ekonomiko, politiko zein judizialek, instituzioek eta masa komunikabideek biolentzia patriarkala bultzatu eta sustengatzen dute: multinazionalek neska* gazteontzat sortzen dituen enplegu prekarioak ahalbidetuz, gorputzen hipersexualizazioan oinarritutako edertasun ereduei eutsiz, emakumeok* epaitu eta gure hitza zalantzan jartzen duten prozesu judizialez, biktimizazioan sakondu eta mezu morbosoak zabaltzen dituzten komunikabiden bidez… Horregatik azpimarratu nahi dugu erasotzaileak ez direla bakarrik gau ilunetan agertzen zaizkigun gizonak, erasotzaileak instituzio eta botere judizial, ekonomiko eta politikoen atzetik daudenak ere badirela.

Instituzioek bizitzak erdigunean jartzeko pausuak eman beharrean, biolentzia patriarkalaren azaleko irakurketa saldu eta eguna aurpegi garbiketarako erabiliz, azaroaren 25eko borroka eurenganatu nahi dute. Hori dela eta, hemendik ozen eta argi esan nahi diegu pankarta eusten ateratako argazkiek ez dutela urte osoko pasibitate eta zapalkuntza sendatzeko balio, eta emakumeok bertan eduki beharreko espazioa aldarrikatzen dugu. Hori gutxi balitz, kontrol sozialean oinarritutako neurriak baino ez dituzte planteatzen, emakumeoi* biktima papera ezarri eta beldurtuta bizitzera kondenatuz.

Horregatik, gaur, egunez egun jasaten ditugun biolentzia hauek desnormalizatzera eta hausturak sortzera gonbidatu nahi zaituztegu, hori delako indarkeriarekin amaitzeko modu bakarra! Neska* gazteok prest gaude zuen biolentziari autodefentsa feministaz erantzuteko!

Gora borroka feminista!

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude