Etxerat: “Heriotza arriskua duten presoek lehenbailehen aske egon behar dute”

Euskal presoen senitarteko eta lagunak biltzen dituen Etxerat elkarteak kezkagarritzat jo du gaixotasunak pairatzen dituzten preso politikoen egoera I “Heriotza arriskua dutenek lehenbailehen aske egon behar dute”, elkartearen ustez I Gaixo kronikoen kasuan “lehenbailehen Zaballara ekartzea litzateke egokiena, bertan jasotzen ahal dutelako zainketa eta ospitale arreta egokiena” I Gaur egungo zerrendak 19 preso gaixo larri biltzen ditu, iaz baino bi gutxiago

Kartzela egin du egoera larri horren erantzule Etxeratek: “toki hertsi eta gainpilatutako bizi baldintzak; kontrol eta tentsio iraunkorra; urte luzez bizitza modu antinaturalean bizitzera behartuak egoteak gaixotasun fisiko sein psikikoak eragiten ditu”. Baldintza horiek, gainera, erregimen itxietan zorroztu egiten direla salatu du: “lehen graduak, erregimen itxiak, bakartze neurriak… Gainera, gaixotasuna behin agertuz gero presoak ez ditu beste edozein gaixoren aukerak diaganostikoa burutzeko edo artatua izateko”. Senitartekoek diotenez, “presoen osasunerako eskubidea bigarren mailan kokatzen da beti”.

Aipamen berezia egin diete ere preso gaixo eta sendaezinen egoerari. “Txantajea eta mendekua besterik bilatzen ez duen salbuespenezko espetxe politikarako, pertsona hauen egoera helburu nagusia bilakatzen da. Ondorioz, legeriak besterik agintzen badu ere, gaixo larri eta sendaezin hauek aske geratzea lan gaitza bilakatzen da”. Ildo beretik, Etxeratek beren gaixotasunagatik kanporatuak izan ziren hiru preso ohi zendu zirela 2019n gogorarazi du, beren heriotza baino hilabete batzuk lehenago eta gaixotasuna fase terminalean zegoela kanporatuak.

85 preso gaixo dituzte erregistraturik

Preso gaixoei buruzko gaur egungo egoerari dagokionez, “gure laguntza behar duten 69 gaixo organiko ditugu erregistratuak; pertsona hauek larritasun ezberdinetako gaitzak pairatzen dituzte eta gure eginbeharra da haietaz arduratzea”, diote elkartekoek. Halere, beste 38 preso daude patologia arinagoaz jota daudenak edota laguntza bereziaren premiarik ez dutenak “baina uneren batean beren osasun egoerak larriagotzera jo dezakeena”.

69 preso horietatik 16k preso gaixo larri eta sendaezinen zerrenda osatzen dute. Beste 15i jarraipen zorrotza egiten zaie eta, azkenik, 37 dituzte kontrolpean ere, patologia arinagoaz jota. Hauetako batzuk froga klinikoen zain daude une honetan, diagnosi larriaren aukera handiarekin.

Gaixotasun psikikoa pairatzen duten pazienteei dagokionez, une honetan 16 dituzte erregistratuak. Horietako 4 preso gaixo larrien zerrenda osatzen dute, 6k jarraipen estua dute eta beste 6 kontrolpean. Baina 16 hauetaz gain, badituzte beste 26 nolabaiteko neurosia pairatzen dutenak eta elkartearen laguntza jaso dutenak edo jaso dezaketenak. Gaixotasun psikikoa duten 13 presok jasotzen dute kanpoko profesionalen terapia bisitak (bakarkako terapia espetxeetan). Etxeratek,  bestalde, kontuan izateko datu bat ezagutarazi du: azken 12 urteotan espetxez kanpoko psikologo edo psikiatren 33 bisita eskaera ukatuak izan dira espetxearen aldetik.

Kontuan izateko beste datua eman dute ere: gaur egun, kolektibo honetan 240ren bat preso izanik hauetako %34k gaixotasun garrantzitsuren bat pairatzen dute; orain 10 urte, berriz, 750 preso izanik, ez ziren %25era iristen. “Zer gertatu da tarte horretan? Ze faktorek eragin du preso gutxiagorekin erien kopurua horrela igotzeko?” galdetu du Etxeratek. Eta erantzuna ere eman du: “kolektibo honen adinaren bataz bestekoaren igoera eta espetxealdien luzatze ikaragarria”.

Guzti honen ondorioa da gaur egungo zerrendak 19 preso gaixo larri biltzen ditu, iaz baino bi gutxiago: Aitzol Gogorza, espetxeratze arinduan, eta Jose Angel Otxoa de Eribe, berriki zendua. “Zerrenda honetan baditugu batzuk arrisku oso larriak dituztenak, hau da, heriotza arrisku bizia dutenak. Talde honetan daude minbizia, kardiopatia larriak edota gaixotasun psikiko larriak eta baita ere gaixotasun degeneratiboa estadio aurreratuan duen paziente bat”, diote senideek. Beste talde bat dago  heriotza arrisku nabarmenik ez dutenen baina espetxeak berak (egiturak, arautegiak…) kaltetzen dien pazienteek osatua: gaixotasun degeneratibo zenbait (espondilitisa, psoriasi artropatia) edo gaitz oftalmologiko larriak dituztenak.

Horregatik, Etxeratek argi du “heriotza arriskua dutenek lehenbailehen aske egon behar dutela, hau da, minbizia, bihotzeko gaitz larriak, gaitz psikiko larriak eta endekapen estadio larriak dituztenak”. Heriotza arrisku nabarmena ez duten gaixo kronikoen kasuan, berriz, “lehenbailehen Zaballara ekartzea litzateke egokiena, bertan jasotzen ahal dutelako zainketa eta ospitale arreta egokiena” dio presoen sostengurako elkarteak.

Zuzendu beharreko akatsak

Ospitale interbentzio, kontsulta edo frogen gehiegizko atzerapenak dira zuzendu beharreko batzuk. Azken hilabeteotan urtebete baino beranduagoko kirurgia interbentziorako itxaron zerrendak; koordinazio eza kartzela eta ospitalearen artean; komunikazio eza pazientearekin bere oinazeak eta ezinegona kontuan hartu gabe; tratamendu akatsak espetxean… gertatu dira. Bestalde, pazienteen jarraipen mediku eskasaren kasuak ere izan dira.

Era berean, preso gaixo larri eta sendaezinak askatzeko zailtasunak errepikatzen dira urtez urte, Etxeratek dioenez. Joan den urtean bi preso gaixo larri eta sendaezin kaleratu ziren, baina ohartarazi dute azken urteotan askatze hauek urte luzeren ondoren suertatzen direla, gaixoen egoera txosten mediku ezin argiagoek behin eta berriz baieztatuak badira ere. Gai honi dagokionez, “askotan espetxe edo epaitegi iritziak dira lehenesten direnak gaixo hauen askatzea erabakitzeko, mediku irizpideen gainetik”, dio elkarteak.

Azkenik, Etxeratek gogoratu du joan den urtean hiru preso ohi gaixo hil zirela, askatzea eragin zuen gaixotasun larriaren ondorioz: Oier Gomez, Juan Mari Maizkurrena eta Jose Angel Otxoa de Eribe. Hiruak minbiziarekin eta hiruak gaixotasunaren azken estadioan.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude