Etxerat: “Jendartearen aktibazioari esker heldu gara honaino eta urratsak ematen jarraituko dugu”

Berrogeita hamar pertsona bildu ziren atzo arratsaldeko 20:00etan hileko azken ostiraleko preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzean.

Bildutakoek preso eta iheslarien aldeko ikurrekin egon ziren, azken minutuetan Etxeratek egungo egoeraren inguruko azterketaren berri eman zelarik.

Etxerat-ek “tinko” salatzen du Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren seigarren eskaeraren aurrean “frantziar Estatuaren aldetik agertzen den ankerkeria, eta Fiskaltza antiterroristak mantentzen duen mendekuan oinarritutako faltsukeria”. Bide batez, Etxerat-ek Bakearen Artisauek eta Bake Bidean-ek Ipar Euskal Herrian presoen alde mantentzen ari diren dinamika “garrantzitsua da oso” diote. “Bizi osorako zigorra pairatzen duten presoen berehalako askatasuna gauzatu lehenbizi, eta gainontzeko euskal presoena ondoren” eskatzen du elkarteak.

“Lege arrunta aplikatzeak berehalakoa izan beharko luke, ez dago ez argudio ez aitzakiarik salbuespeneko espetxe politika iraunarazteko” gaineratzen du Etxeratek. Hego Euskal Herriari begiratuz, “mantentzen duen blokeoaren aurrean”, Sarek eta Etxerat-ek Iruñeko espetxeko zuzendaritzari  espetxe-bidea ahalbidetzeko, “oztopo izateari uzteko, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta jarrera proaktiboak izateko” eskatu diotela gogoratu du .

Etxeraten ustetan “euskal presoen lekualdatze eta gerturatzeen datuek argi erakusten dute salbuespeneko espetxe politika mantentzen dela”. Datu horiek “onartezina den moteltasuna islatzen dute”, dio. “Izan ere, bi hilabete igaro dira azken euskalherriratzea eman zenetik. Bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitu behar dute 40 minutuko bisitak izateko. Topas, Mansilla, Dueñas, Estremera, Alcala, Asturias, Daroca, Zuera, Soria, Burgos, Logroño eta El Dueso, urrutiko espetxeak dira oraindik 65 euskal preso, beste 17 Frantzian, eta premiazkoa da urrunketari behin betiko amaiera ematea”, aldarrikatu du euskal presoen senitarteko eta lagunen elkarteak.

Hala ere, elkarteak, “egoera, oro har, hobera aldatu da, eta aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari dira” dio. “EPPK-ko 183 presoetatik, 101 daude gaur egun Euskal Herriko espetxeetan. Ez dago jada euskal preso politikorik lehenengo graduan, 21 preso hirugarren graduan daude, eta dozena erdi baino gehiago baimenekin ateratzen ari dira espetxetik”.

Aurreko datuak “aurrerapenak dira baina, lege arrunta aplikatuz gero, euskal preso gehienak atera beharko lirateke modu batera edo bestera. Ez baikara ari onurez, salbuespen-politika desagerrarazteaz eta lege arrunta aplikatzeaz ari gara” adierazten du Etxeraten komunikatuak. “Eskubideez ari gara, legean jasota dauden eskubideez”. Eta, horregatik, hasitako bideari bultzada ematearen garrantzia azpimarratu du. “Argi baitugu, jendarte zibilaren aktibazioari esker iritsi garela honaino eta urratsak ematen jarraituz, kilometroak batuz, egingo dugula aurrera”.

Etxeratek dioenez, “salbuespeneko espetxe politikarekin behin betiko amaitzeko aukera dugu eskuartean eta lortu artean ez gara pausatuko. Izan ere, hala ez den bitartean, benetako bizikidetza, memoria, justizia edota bake egoerez hitz egitea, zoritxarrez, ezinezkoa izango baita. Horrela sufrimendu egoerekin amaitzea ezinezkoa delako eta herri gisa aurrera egitea ezinezkoa delako. Eta hau da, hain zuzen ere, jendartearen gehiengoaren nahia, aurrera egitea. Eta guztion eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da errealitate bilakatzea”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.