Euskal pilota selekzioaren aldeko agiria aurkeztu dute

Atzo aurkeztu zuten euskal pilota selekzioaren aldeko agiria Durangon I Bertan izan dira pilotariak eta euskal pilotaren federazioetako arduradun eta arduradun ohi

Durangoko Ezkurdia plazan izan zen pilotarien eta federazio ezberdinetako arduradun eta arduradun ohien agerraldia. Bildutakoen izenean lau puntuko agiria ezagutarazi zuten, emakumezko zein gizonezko bina pilotariren bitartez.

Lehenik eta behin, gaur egun euskal kirolariek ezin dutel Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (NEPF) antolatzen dituen nazioarteko txapelketar ofizialetan parte hartu Euskal Herriko selekzioarekin gogoratu zuten. Ondorioz, lehiatzeko aukera bakarra Espainia, Frantzia edo onartuta dagoen beste selekzio baten izenean egitea dela adierazi zuten. Hala gertatuko da laster Biarritzen jokatuko den Munduko Euskal Pilota Txapelketan. “Gure herrian, gurea dugun eta gure izena daraman kirolean hau gertatzea, lotsagarria eta penagarria dela deritzogu” esan zuten.

Pilotariek Euskal Herriko koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatzea nahi dutela argi utzi zuten, eta “Euskal Herriko selekzioak bere izena daraman kirolean nazioarteko txapelketak jokatzeko izan beharko lukeen eskubidean oinarrituta, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, eta hori lortzeko denok indarrak batu beharra” aldarrikatu zuten.

Horren ondorioz, Euskal Herriko instituzio eta eragileei lau eskaera zuzendu zizkieten: lehenik eta behin, Munduko Pilota Batzarrari eta Euskal Pilota Federazioei egoera honi irtenbide bat aurkitzeko lanean jarrai dezatela eskatu zieten, eta har ditzatela helburua lortzeko bidean, hartu behar diren erabakiak; besteak beste, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan euskal pilota selekzioa ofizial izateko eskaera berriz egitea.

Bigarrenez, Euskal Herriko instituzioei ere, beraien esku dauden tresna juridiko, politiko eta pertsoanalak helburu honetara bideratzen jarrai dezatela, euskal pilota selekzioak nazioartean ofizialtasuna lortzeko behar duen laguntza eskaintzeko ere jarrai dezatela aldarrikatu zuten.

Hirugarrenez, kontuan izanik nazioartean ofizialtasuna lortzeko “arazoa juridikoa baino gehiago politikoa dela”, dei egin zieten ere Euskal Herriko alderdi politikoei, eta batik bat aldarrikapenarekin bat egiten dutenei, euskal gizartearen gehiengo handi baten ametsa errealitate bihurtzeko urratsak ematen jarrai dezatela.

Azkenik, euskal pilota mundurari, euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortu ahal izateko beharrezkoa den babesa eskaintze eskatu zioten atzo Durangon azaldutakoek.

Gauzak horrela, euskal pilotaren aldekoek Biarritzeko Txapelketari bai adierazteaz batera, inposaketa errefusatu eta euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten.

Agiria Endika Barrenetxea erremontistak, Laura Saez, gomazko paletako pilotariak, Ibai Zabala eskuzko pilotariak eta Iera Agirre eskuzko pilotariek irakurri zuten. Pankartari eusten, Gipuzkoako Euskal Pilota Federakuntzako Lehendakari Itziar Lete, Arabako Euskal Pilota Federakuntza Lehendakari Iker Gereta, Bizkaiko Euskal Pilota Federazioko zuzendaritzako kide Nahia Ouro, Iparraldeko Pilota Batzordeko Lehendakari Jean Michel Garayar, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako Lehendakari Gotzon Embil, Euskal Pilota Konfederazioko (EHPK) lehendakari ohi Itziar Lopetegi, Euskal Pilota Konfederazioko (EHPK) lehendakari ohi Martin Ibarra, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako Lehendakari ohi Patxi Jauregi, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako Lehendakari ohi Kiko Caballero, Federakuntza Lehendakari Enaitz Olaeta eta gizonezko zein emakumezko hainbat pilotarik sinatu dute.

Agiria aurkezteko pilotarien artean Leioako Hartzak taldeko Eneko Uribe, Mikel Lekunberri, Elene Uribe eta Pello Amiama egon ziren Durangon.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.