GED Leioak ezagutzera eman du azaroaren 5eko galdera

“Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?” galdetuko zaie leioaztarrei antolatzen ari diren herri galdeketan

Iragan asteko larunbatean egindako tailer parte-hartzailean erabakitako galdera eman du ezagutzera Leioako Gure Esku Dago taldeak. Leioaztarrei euskal estatu burujabe bateko kide izan nahi duten ala ez galdetuko zaie. Horixe izan zen 50 lagunetik gorako saio hartan hautatu zuten itauna.

Hori aurkezteko dantza-plaza ibilitaria antolatu dute herriko GED taldeko kideek, musika talde batek lagunduta. Arratsaldeko 18:00etan hasi ziren Lamiakoko metro geltokiaren aurreko plazan. Hortik Pinuetara abiatu ziren, eta bertan dantzatu eta hango herritar talde batek prestatutako pintxo janaren ostean, Udondoko Bulebarretik abiatu ziren. Hitzordua gaueko 21:00etan jarrita zegoen. Lehenago, taloak jateko eta zerbait edateko aukera izan ziren bai dantza-plazan ibilitakoek zein galdera ezagutzeko ekitaldira hurbildutakoek.

Eta, nahiz eta iragarri baino apur bat beranduago izan, dantzen tartea bukatutakoan, ekitaldi xume baten bitartez ezagutarazi zuten galdera: “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Horixe izango da azaroaren 5ean hautestontzietara hurbilduko diren leioaztar guztiek erantzun beharreko galdera: bai, ez edo zuriz bozkatzeko aukera izango dute. Gure Esku Dago taldeko kideek diotenaren arabera, azken emaitzari erreparatu baino, prozesu osoari begiratu nahi diote. Horrexegatik, herritarren parte hartzea lehenetsi nahi dute, bakoitzaren hautua errespetatuz.

Ekitaldiari Bidean taldeak girotutako erromeria batekin eman zitzaion bukaera.


Informazio +: GED Leioaren ekitaldian aurkeztutako bideoa.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude