Juristak demokraziaren alde: Eskubideak espetxean ere bai

Iñaki Lasagabaster, Amaia Goirigolzarri I Juristak *

COVID-19aren pandemiaren aurrean, SARE HERRITARRA sareak premiazkotzat eta garrantzitsutzat jo du oraingo espetxe-egoera salatzeko adierazpen publiko baten beharra helaraztea arlo juridikoko zenbait pertsonari.

Beste behin ere, helburua da herritarrei ohartaraztea erregimen politiko bat demokratatzat jotzeko funtsezkoa den gai honetaz: oinarrizko eskubideen errespetua. Eta, bereziki, espetxean dauden pertsonen oinarrizko eskubideen errespetua. Espetxeetako araubide juridikoa eta funtzionamendua termometro garrantzitsua dira estatu baten demokrazia-maila neurtzeko. Hala adierazi dugu beste batzuetan ere. Izan ere, sarritan, funtsezko lege-testuetan oinarrizko eskubideak jaso arren, gero, praktikan, sistematikoki urratzen dira.

Aintzat hartzen ez diren eskubide horiek banan-banan aztertuko bagenitu, hasteko kondena ohiko etxebizitzatik hurbil dagoen espetxe batean betetzeko eskubidea aipatu behar da. Legeetan ezarritako arauak eta nazioarteko erakundeen eta auzitegien ebazpenek xedatzen dute, inolako zalantzarik gabe, espetxean dauden pertsonek eskubidea dutela kondena beren ohiko etxebizitzatik hurbil dagoen espetxe batean betetzeko. Eskubide hori betetzen ez bada, ez aplikatzeko dauden arrazoiak alegatu badira, legeetan ezarritako xedeetan oinarrituta, eta arrazoiok lortu nahi den helburuaren araberakoak izan behar dute.

Gaur egun, eta duela urte batzuk ETA desagertu bazen ere, euskal presoen % 80 baino gehiago haien etxeetatik urrun daude, eta, gainera, lehen espetxe-graduan daude. Haien senideek milaka kilometro egin behar izaten dituzte bisitak egiteko, askotan 40 eskaseko bisitak egiteko. Preso gutxiri onartu zaie hirugarren espetxe-gradua, eta gutxi dira Euskal Herriko espetxeetara ekarri dituztenak.

Osasunerako eskubidea, bizitzeko eskubidea eta osotasun fisikorako eskubidea espetxean dauden pertsonen eskubideak dira ere. Espetxeratzearen helburua ez da presoen bizitza- denbora laburtzea. Horregatik, Zigor Kodeak eta Espetxeetako Erregelamenduak baldintzapeko askatasunerako aukera jasotzen dute osasuna arriskuan dagoen kasuetarako. Hala ere, espetxeetako agintariek arauen interpretazio murriztailea egiten dute, eta, ondorioz, ia ezinezkoa da zigor-arauak aplikatzea. Egoera terminalaren aurreko fasean daudenean edo diagnostikoa oso txarra denean baino ez dituzte askatzen presoak.

Euskal presoak espetxean betetzen ari diren denborak aise gainditzen ditu ezarri zaien kondenaren zentzuzko denbora- mugak. Zigorrak betetzeko politikaren irizpidea da osorik eta erabat betetzea, kondena betetzen amaitzeko erregimen irekia (erdi-askatasuna) ezartzeko aukera jaso arren legeetan. Eta hala geratzen da Europako beste estatu batzuetan betetako kondena-aldiak metatzea eragozten denean. Atzeraeraginez aplikatutako legeriaren ondoriozko politika da, Europako beste estatu batzuetan betetako kondena-aldiak metatzeko eskubidea aitortzen zuen jurisprudentziaren kontrakoa. Horrez gainera, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak jokabide berri hori Europako zuzenbidearen araberakoa den ala ez epaitzea eragotzi da.

Euskal presoei haien tratamenduari eta sailkapenari dagokienez aplikatzen zaien espetxe-politika eskubideak urratzen dituen kate luze honen azken maila da praktikan. Espetxeetako agintariek uko egiten diote indarrean dagoen legeria aplikatzeari. Zehazki, blokeatu egiten dituzte bigarren eta hirugarren gradura pasatzeko aukera, baimenak izateko aukera, bestelako espetxe-onuren aplikazioa –luditzeak, indultu partikularrak, baldintzapeko askatasuna aurreratzea–, eta, azken finean, baldintzapeko askatasuna ematea kondenaren hiru laurdenak betetzean.

Gaur egun, presoen %80 baino gehiago lehen graduan (erregimen itxia) daude, bizi-baldintza gogorretan, kasu batzuetan malgutasun-printzipioaren (erregelamenduaren 100.2 art.) bidez arinduta, baina espetxe-ibilbidean aurrera egiteko aukerarik gabe.

Joseba Azkarragk, Amaia Goirigolzarrik eta Iñaki Lasagabasterrek aurkeztu zuten Sare Herritarraren agiria I Argazkia: Sare

Duela gutxi gertatutako Igor González Sola presoaren heriotza (Martutenen hil zen) egoera honen adierazle tragikoa izan da. Espetxe horretara heldu berria zen, hainbat espetxetan izan ondoren, bere ingurune familiarretik urrun. Espetxe-aldaketa hori aspaldi egin behar zen. Baldintzapeko askatasunean egon behar zuen, gaixorik baitzegoen eta beteak zituelako kondenaren hiru laurdenak. Zigorra murrizteko, graduz aldatzeko eta baldintzapeko askatasuna emateko arauak aplikatu behar zitzaizkion, baina agintari arduradunek ez zuten ezer egin. Bere buruaz beste egin zuela berresten bada, kezkagarria da, zituen aurrekariak izanda, haren bizitza babesteko neurririk hartu ez izana.

Aurreko guztiari oraingo osasun-egoera gehitu behar zaio. COVID-19aren pandemiak areagotu egin du presoen eta haien senideen eskubideen urraketa.

Espetxeetako agintariek hartu dituzten neurrien ondorioz, presoak konfinatu egin dituzte, eta senideekin izan beharreko harremanak eragotzi edo oztopatu egin dira. Hori dela eta, azken sei hilabeteetan, pertsona batzuek ezin izan dituzte beren seme-alabak ikusi, edo, alderantziz, ezin izan dituzte gurasoak ikusi. Egoera honek espetxe-politikaren barruan behar bezala aintzat hartu ez diren aktore batuk ekarri dizkigu. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak lehenagotik ere adierazi du hori.

Espetxeetan aplikatzeko emandako arauek erabat ahaztu dituzte beste biktima hauek: presoen senideak. Espetxeetan COVID-19aren ondorioak kontrolatzeko arauak ezarri direnean, ez dira aintzat hartu presoen eta haien senideen eskubideak. Haien arteko harremana beste eskubide batzuen bidez bideratu behar den eskubidea da: familia-bizitzarako eskubidea, kondena ohiko etxebizitzatik hurbil betetzeko eskubidea edo, gaixotasun larrien kasuan, baldintzapeko askatasunerako eskubidea.

Pandemiaren ondorioz espetxeetan aplikatu diren arauek oinarrizko eskubide horiek ukatu dituzte eta ukatzen ari dira oraindik ere. Araudi horrek kontuan hartu beharko luke presoen eta haien senideen osasun fisikoa eta psikikoa pertsonaren ongi goren gisa. Gaixotasuna kartzeletan sartzea eragozteko osasun-neurri profilaktiko hutsak hartzeaz gainera, bidea bilatu beharko litzateke neurri horiek presoen komunikaziorako eta kanpokoekin harremanak izateko eskubidearekin harmonizatzeko, baita presoen erregimen-jarduerekin, okupazionalekin eta tratamenduen arlokoekin harmonizatzeko ere.

Hori egin ordez, bide errazena aukeratu da: espetxeak ixtea eta bisitarik ez egotea eta/edo, bisitak egiteko, baldintza ankerrak eta bete ezinak ezartzea (bisean biseko komunikazioak kendu dira; bisitari-kopurua mugatu da –eta, beraz, hiru/lau kideko bizikidetza-unitateek ez dute aukerarik elkarrekin batera komunikatzeko edo hiruzpalau pertsona joan dira espetxera, baina azkenean bi bakarrik sartu ahal izan dira–, ordutegi eta egutegi desegokiak komunikazio arruntetarako – komunikazioak lanegunetan ezarri direlako, eta, ondorioz, laneko egunak edo ikasketetakoak galdu beharra–…). Horren ondorioz, senide askok eta askok ezin izan dituzte bisitak egin espetxe askotan.

Esandako guztiaren ondorioz, botere publikoei eskatzen diegu espetxe-politika aldatzeko eta presoen eta haien senideen oinarrizko eskubideak errespetatzen dituen politika bat aplikatzeko.

Zehazki, hau eskatzen dugu:

1) Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren legeria eta jurisprudentzia betetzeko, eta presoak haien ohiko etxebizitzetatik hurbil dauden espetxeetara aldatzeko.

2) Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, beharrezkoak diren kautelazko neurriak ezarrita.

3) Pandemiari aurre egiteko, presoen oinarrizko eskubideak gehiago errespetatzen dituzten neurriak hartzeko.

4) Familia-bizitzarako eskubidea ahalbidetzeko neurriak hartzeko.

5) Erregimen irekiak, kondena etxean betetzeko aukera eta baldintzapeko askatasunak azkartu eta ahalbidetzeko, espetxe-erakundeen barruan eta kanpoan osasunerako eskubidea bermatzeko tresna gisa.

6) Presoen oinarrizko eskubideak bete eta errespetatzeko.

Sinatzaileen zerrenda, hemen

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude