Leioako erdialde zaharra

Argazki zaharrak I Idoia López, leihoa.info

Gaurko irudia bitxia da, bertan erakusten zaigun gehiena ez baita esistitzen gaur egun. Udaletxearen eta Elizaren inguruan zeuden plaza eta etxeak azaltzen zaizkigu, orduko erdialdea osatzen zutenak. Eskuman eraikin bi, etxebizitzak zirenak. Elizetxea zegoen bertan, apaizak bertan bizi zirelarik. EAJ/PNVren Batzokia ere bertan kokatu zen frankismo ondorengo lehen urteetan. Beste eraikin bat gehiago bazegoen ere alde horretan, argazki honetan azaltzen ez dena.

Erdialdean ikus daitekeen eraikina antzinako eskolak izandakoarenak dira, Aketxekoak. Eta 80. hamarkadan, bertan kokatu zen lehen Kultur Etxea. Hortxe ematen ziren eskulan-ikastaroak, lehen musika klaseak eta euskara eskolak.

Ezkerrean ere hiru eraikin ikus daitezke: bi etxebizitza eta altuago bat, lekuari esanahi berezia ematen ziona: Udaletxea. Bidea, ikus daitekeenez, asfaltatu gabe zegoela ematen du, eta espaloirik gabea.

Argazkia ze data zehatzetakoa den ez badakigu ere, 70. hamarkadaren hasierakoa izan daitekeela ematen du (batez ere jantziak ikusita), hor ikus ditzakegu gizonak (batez ere gizonak) plazatik jeisten (Elizatik edo eskumaldean kokatua zegoen tabernatik?), horietako bat garai horretako motorrean, eta bikote bat gorantza joaten.

Erdialde zahar horretatik eraikin bakarra -Elizaz gain- geratzen zaigu gaur egun guzti horietatik: Udaletxea, eta hau ere, berriztua. Baina, non dago gaur egun Leioako erdialdea?

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.