Sabino Arana kalean aspaldidanik ari dira jasaten astean bizpahiru argiteriaren itzalketa, gauez. Hiru hilabete dira, gutxienez, halakoak gertatzen direla.
Atzo eta herenegun ere berriro gertatu zen, baina oraingoan ez soilik Sabino Aranan, Luis Bilbao Libano kalean ere argiteria publikorik gabe geratu baitzen.
Udaletxera deituta, “arazo teknikoa” izan dela behin eta berriz errepikatzen dute. Lehen probak egiten ari zirela zen erantzuna. Orain “arazo teknikoa”, noiz eta herriko argiteria publikoaren mantenua berriro ere Electricidad Martín enpresari esleitu zaionean. Herritarrek azaldutako kexa kopuruak pentsatzeko modukoa izan beharko litzateke: Ba ote du aipatu enpresak behar den gaitasun teknikoa herriko argiteria publikoaren ardura izateko? Zalantzan jartzeko modukoa da azken hiru hilabeteotan gertatzen ari den guztia.
Linternak giltzatakoen ordez
Aurrekontu Zabaletan herritarren kezka eta kexak horrekiko begi bistakoa izan da. Eta Udalak, ondorioz, mantenuaren ardura duen enpresari dauden arazoak konpontzeko eta horren kostoa bere patrikatik ordaintzeko baino, herritarrok tokiko instituzioa inbertsioetarako aurtengo diru-partidetakoarekin eskatzea bultzatzen ari da.
Sare sozialetan zabaldutako iruzkinak adierazgarriak dira oso: “Para la próxima, en vez de regalar llaveros regalar unas linternas, por favor, que nos serán mas útiles”, adierazi du herritar batek. Beste batek honakoa zioen: “La zona de Sabino Arana sin luces y dónde está Curves parecía una gruta, no había ni una sola luz. Es vergonzoso con la pasta que dicen que se han gastado”.