Leioako udalerriaren izenaz

Nazioarteko usadioei jarraituz, leku bat izen bat, udalerriari Leioa deitzea onartu zuen Udalak 1979an

Leioa udalerri izena 1979an onartu zuen Udalak udalerriaren izen bakar eta ofizialtzat, Euskal Autonomia Erkidegoan beste hainbat udalerrik egin zuten bezalaxe. Horrela, Udalak, nazioarteko usadioei jarraituz, leku bat izen bat, izen bakarra hautatu zuen, eta jatorrizko hizkuntzari, euskarari alegia, eman zion lehentasuna.

Toponimoaren jatorrizko forma osoa, *Leiona izango zen eta handik sortu zen gaztelaniaz erabilia izan den Lejona, hastapenetan Lexona idatzita, eta euskarazko Leioa, Lujua eta Loiu izenekin gertatu bezala. Euskararen ibilbidean normala izan da bokal arteko -n- galtzea, berezko joera naturala da eta hainbat latinezko mailegu eta hitzetan topatzen dugu halakorik: kate (catena), bolua (molinum) eta abar. Ugariagoak dira, halere, leku-izenetan gertatutako adibideak: Galdakao (Galdácano), Lemoa (Lemona), Lemoiz (Lemoniz) eta, besteak beste, Sopela (Sopelana).

Euskarak izan duen bazterketa administrazioan eta idatziz erabilia ez izateak euskarazko forma horren dokumentaziorik eza edo dokumentazio eskasia ekarri du. Hala ere, Leioaren kasuan toponimia historikoaren ikerketak agerian utzi du bertako herritarrek euskarazko forma erabiltzen zutela normaltasunez, eta horrela erakusten digute toponimia txikian topatutako forma hauek: Leyoa solo (1865 Leioako Udal Agiritegia) eta Leyoasolo (1899 LUA).

Leioagoitia izeneko etxaldearen ahozko formak ere, ahoz Leyunti formaz ezaguna, eta Leyúntegui (1891, LUA) edo Leyunti (1899 LUA) formez dokumentatua, agerian uzten du euskarazko erabilera zela nagusia. Dokumnetazioari so eginez gero, ordea, Lejonagoitia bezalako formak nagusitzen dira, baina forma horiek  ez diote benetako erabilerari erantzuten, eskribauek  faltsututakoak baitziren, ahoz heldu zaigun ahoskerak argi erakusten digun bezala. Gure irudiko Leionagoitia > Leioagoitia aldaketa gauzatzean desagertutako –n-ak eragin zion –a bokalari, eta gero birsortu egin zen. Hau ez da gertaera bitxia, eta, esaterako, Arenatza toponimo zaharretik Areatza eta Areantza sortu dira. Beraz *Leio(an)goitia sortu zen eta handik ahoz erabiltzen den Leyunti.

Etimologiari dagokionez, historia ikertzaile zenbaitzuek leiho eta ona hitz elkarketa proposatu duten arren, dokumentazioak argi erakusten du etimologia horrek ez duela oinarririk. Julio Caro Barojaren ustez, izen honetan ezagutzen ez dugun pertsona izena eta Lemoa eta Sopela izenetan dugun –ana atzizkia ditugu. Horrelako izenak Erromatar Garai berantiarrean eta Goi Erdi Aroan etxalde edo fundus izendatzean sortu ziren.


+ Info: Leioako leku-izenak. Gorrotxategi, Mikel; Lasa, Iratxe eta Ugarte, Goizalde. Euskaltzaindia. Bilbo, 2012.

  •  Aurreko testua aipatu liburuaren pasarte aukeratuekin osatua dago.
Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude