Madrilek eta Parisek inposaturiko konfinamendu ereduak herritarron bizi baldintzak okertu eta kapitalaren interesak babesten ditu

LAB

Madrilgo Gobernuak itxialdia agindu zuenetik 40 egun betetzen dira gaur eta Espainiako Ministro kontseiluak baldintza berriak iragarri dituenean, LAB Sindikatuko Ekintza Sozialetik orain arte konfinamenduak eragindako egoera soziala labur aztertu nahiko genuke, baita iritzi publikoarekin hainbat gogoeta partekatu:

LEHENA. Konfinamendu hau kapitalaren neurrira egindako itxialdia da. Langile eta herri sektoreak babesgabe utzi eta gogor sufirtzen ari garen itxialdia. Atzoko neurrien gora beherek berretsi egiten dute.

Konfinamendua krisi sanitarioari aurre egireko neurri izanik ere, kriterio ekonomikoen arabera kudeatzen ari da. Gobernu desberdinek osasun sisteman egindako murrizketek behartu dute itxialdi eredu hau eta enpresa nagusien jabeek dute nolakotasuna baldintzatu eta erabakitzeko boterea.

Atzo, haurrak kalera ateratzeko irekitako zirrikitua dugu azken adibidea. Gehiago ordu batzuetara erabakian atzera egin izana. Sanchezen gobernuaren jarrerak, lehenago Urkulluk baserritarren azokekin bezala, esaten gabiltzana berresten du: konfinamenduari begirako erabakiak ez dira osasun neurrien arabera hartzen ari.

Ez hori bakarrik, argi geratu da herritar presioaz erabaki politikoak aldarazi daitezkela.

BIGARRENA. Konfinamendua igarotzeko baldintzak ez dira berdinak guztientzako. Guztiok ez ditugu oinarrizko bizi baldintza duinak ziurtatuta.

Hilabete luze honetan itxialdiaren alderik gordinena ikusi dugu. Gertakarien zerrenda luzea da, eta guk hauek aipatu nahi ditugu:

Birusak eragindako heriotzen zerrenda luzeaz gain, berrogeialdi honetan beste batzuk ere ezagutu ditugu, Bilboko udalak etxegabeak diren herritarrei begirako aterpean bata eta Zaballako espetxean bestea.

Ezaguna den helduen egoitzetako langileen egoera prekarioari, bertako erabiltzaileen egoera latza gehitu behar zaio. Unai Rementeriaren adierazpen lotsagabeek agerian utzi dute bertan bizi den drama: hilotzak pilatzen ari dira, zenbat diren ere oraindik ez dago argi eta Orereta bezalako udal batzuik egindakoa salbu ez da egon helduak babesteko ekimen instituzionalik. Ez haien baldintza ekonomikoak ziurtatzeko pentsioei begirakoak ez eta haien zaintzari begira.

Egoera antzekoetan daude aniztasun funtzionala duten pertsonak, arazo psikologikoak edota menpekotasun zein bestelako arrazoiengatik pisu tutelatu edota egoitzetan daudenak. Zaintza bereziak behar dituzten guzti hauek gehiengoarentzako ikustezinak dira eta COVID 19arekin, gobernuentzako zuzenean ez dira existitzen.

Sistemaren ertzetan dauden kolektiboak are gehiago baztertu dituzte sistemaren kudeatzaileek osasun krisia baliatuz. LGTBI+ kolektiboko herritarrak, beltzean eta kontraturik gabe lanean dabiltzanak, autonomo faltsuak edota pertsona migranteak. Arrazakeria, homofobia eta klasismoan hezitako jendartea beldurrez blaitu dute eta autoritarismoari ateak ireki dizkiote. Ertzak zentrotik urrunago daude orain.

Baserritarren eta hainbat herritar eta udalen ekimenagatik ez balitz, tokiko elikadura eta produktoreak zuzeneko salmentan diren azoka eta plazak itxita izango lituzkete. Bitartean, igande eta jai egunetan ere irekitzeari ekin diote hainbat saltoki handi.

Militarrak, Guardia Zibilak edo bertako poliziek izaten ari diren jarrera oldarkorra izugarria da. Egunero 2000 identifikazio eta 500 isun inguru izaten ari dira, polizia gehiegikerien bideoen zerrenda egunero handituz doa eta denetan antzeko faktoreak sumatzen ditugu: kontrol soziala, disziplinizazioa eta autoritarismoa. Oraindik ez dugu ikusi polizia enpresetan osasun neurriak betetzen diren ikuskatzen eta horrela ez denean enpresariak atxilo eramaten. Lan ikuskaritza lanean ez dagoen egoera honetan agian egin beharko lukete.

Azken finean, lana galdu eta diru sarrera nahikorik gabe geratu diren herritarrak, langabezian egon direnak, etxegabeak, etxez etxe lan egiten duten emakumeak, indarkeria matxista jasan dutenak, lan eginda ere hilabete amaierara heldu ezin daitezkeenak edo bakardadean hil eta hiletarik ere izan ezin duten helduak eta haien senideak dira besteak beste egoera hau gehien sufritzen ari direnak.

Ezin aipatu gabe utzi euskal preso politikoak eta haien senideak. Dispertsioak inoiz baino zentzu gutxiago duenean, egoera zaurgarrian dauden gaixo eta adinekoak hainbat izanik ere espetxean jarraitzen dute. Etxean, bizirik eta osasuntsu nahi ditugula aldarrikatu nahi dugu.

HIRUGARRENA. Dikotomia faltsua eraiki dute. Gatazka gehiengo sozialaren osasuna eta ekonomia, eta gutxi batzuen irabazien artean dago. Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkaren isla gordina bizitzen ari gara.

COVID-19 birusak ez du klase sozialetan bereizketarik egiten, baina gobernu desberdinek hartutako erabakiek bai.

Hartu diren benetako prebentzio neurri bakarrak elite ekonomikoen irabaziak ahalik eta gutxien kaltetuak izan daitezen hartu dira. Horrela, guztion konfinamendua luzatzen ari dira eta bai Madriletik zein bertako instituzioetako agintariek norabide berean gauzatu dituzte haien erabakiak.

Ortuzar, Esteban Tapia eta Urkullu bera beharrezkoa ez zen produkzioa gelditzeko erabakia mugatu eta astebete eskasera atzera eginarazi dutela ospatzen ikusi ditugun bitartean, Eusko Jaurlaritzak irekitako web gune berrian bost minutu ematearekin nahiko da ikusteko zein den egoera: 6 laguntza lerro berri onartuta, eta 3 onartzeko zain. Nafar Gobernua ere antzera.

Osasun krisia deitu den krisi sozial honen erdian, babes sozialeko neurriak ez dira lehentasun ez Urkullu ezta Chiviterentzat. Salbuespen egoerari aurre egiteko babes neurrien aurrekontuek Abiadura Handiko Trenaren metro gutxi batzuk eraikitzeko beste diru jasotzen dute.

Madrilen hartutako babes neurri guztiak ez-nahikoak izan dira. Eta ez Gasteiz ez Iruñeako gobernuek ez dute baldintzak hobetu nahi izan. Eskumen kontua dela argudiatu daitekeela uste duenak PNV patronalaren interesen alde autogobernuaren defentsan ikusteak zalantzak argituta izango ditu honezkero. PNV hemen erabakitzeko eskubidearen defentsarekin gogoratzen da enpresa handietako administrazio kontseiluko laguntxoen dirua jokoan dagoenean, ez sektore zaurgarri eta langileon bizi baldintzak kolokan daudenean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik salbuespen egoerari aurre egiteko hamar ardatzetako neurri sozial sorta proposatu ditugu. Gehiengo sindikal eta hamarnaka eragile sozialek babestutako programako neurri bakar bat ere ez dute bere egin instituzioetako kudeatzaileek.

Horregatik salatu nahi ditugu erabaki guzti hauek, langile jendearen osasuna eta ekonomia kaltetzen dutela. Alokairua ezin ordaintzeak, argindarra, gasa, ura, internet fakturak… enplegua mantenduko dugun edo ez sortzen duen intseguritateak zein alarma egoerak sorrarazitako beldurrak egoera prekarioak areagotzen ditu. Bizi proiektua garatzeko segurtasun falta horrek antsietatea, depresioak, eta bestelako arazo psikologiko- afektiboak eragiten ditu.

Osasuna babestea ez da soilik koronabirusak kutxa ez gaitzan neurriak hartzen saiatzea, bada ere jendearen bizi baldintzak bermatzeko neurriak hartzea.

LAUGARRENA. Orain arte bezala, krisi honek ere emakume aurpegia du.

Emakumeak gogorrago jo du zalantzarik gabe osasun krisiaren ondorioek. Zaintza lanak emakumeon bizkar egonik kasu askotan jasanezinak egiten ari zaizkigu konfinamendu garaiok. Familia zein pertsona dependienteen zaintza lanetan dabiltzanak gaixotzeko arriskua handiagoa dute. Eta horiek denak, emakumeak dira. Gainera egoera benetan salagarriak ikusten ari gara, garbiketako langile, supermerkatuetako kutxazain edo helduen egoitzetako langileena kasu. Emakume langile hauek haien gorputzak zakar poltsekin babestu behar dituzten bitartean, babes ekipamendu osoarekin ikusi ditugu militarrak kaleko harrizko jesarlekuak desinfektatzen.

Beharrezkoak eta oinarrizkoak diren lan hauetan dabiltzan gehienak soldata eta baldintza prekarioetan ari dira lanean. Eta nola ez, emakumeen gorputzean bestelako zapalkuntzak zeharkatzean ondorioak are okerragoak dira, emakume migranteena adibidez.

Guzti honi gehitu behar zaio indarkeria matxista ez dela desagertu eta etxealdiak kasu askotan hainbat emakume haien erasotzaileekin 24 orduz egotera behartu dituela. Konfinamenduak dirauen bitartean astero izan dugu Euskal Herrian eraso matxisten berri.

BOSGARRENA. Arazoa ez da berria, aldatu dena testuingurua da. COVID19ak lehenagotik zegoen krisi anizkoitza azkartu dezake, baina larrialdi klimatikoa, zaintza eta ekonomia krisia eta krisi soziala lehenagotik bizi ditugu.

Koronabirusaeren eraginez benetan oinarrizkoa eta zaindu behar dena zer den argiago ikusten ari gara. Honek azken gogoeta bat partekatzera behartzen gaitu. Hau ez da kudeaketa arazo soila, sistema bera da gaixo dagoena eta gaixotzen gaituena. Egungo agintariek sistema honen kudeaketa hobeagoa edo okerragoa egin dezakete, baina kapitala eta bizitzaren gatazkan jendartea lehenaren alde egituratzen jarraitzeak egoera okertzea besterik ez du eragingo.

Babes sistema indartsua behar dugu, zaintza sistema publiko eta osasuntsua, larrialdi egoeratan erantzungo duena, erantzuteko bitarteko nahikoa izango dituena. Bizitza sostengatzeko, jasangarria eta bizigarria egiteko sistema behar dugu. Bizitza erdigunean jartzeaz ari garenan, produkzio eta erreprodukzio lanak pertsonen, komunitatearen eta planetaren zerbitzura jartzeaz ari gara. Merkatua eta interes ekonomikoak alboratuz bestelako logika bati bide emango dion antolaketa sozialaz ari gara.

Ez gara birusaren aurreko egoerara bueltatuko. Horrela diote han eta hemen eremu anitzetako adituek, eta horrela uste dugu guk ere. Sistema kapitalista heteropatriarkalaren kudeatzaileek kapitalen aldeko normalitate berria eraiki nahiko dute. Are gehiago, dagoeneko ari dira. Beldurra hedatuz, norbanakoaren erantzukizuna interpelatuz, kontrol sozialerako dispositibo berriei bide emanez eta neurri ekonomiko berriak aztertuz.

Aurreko krisian, bankuak erreskatatu zituzten eta pertsonak babes gabe utzi. Gure gaitasunen gainetik bizi ginela saldu ziguten eta gerrikoa estutu behar omen genuen. Oraingoan ere, atzeraldi ekonomikoaren aitzakiaz errezeta berdinarekin boteretsuenen ekonomia salbatu nahiko dute. Berriz ere, gure kontura.

Ez dakigu krisi honen ondorio ekonomiko eta sozialak zenbaterainokoak izango diren, baina jakin badakigu aurreko krisia kudeatzeko errezeta eta politikak ez digutela balio. LAB sindikatua egoerari aurre egiteko prest dago.

AZKENA HITZA. Trantsizio ekosozialistaren beharra daukagu. Pertsona, komunitate eta planetaren zerbitzura egongo den jendarte antolaketa berria behar dugu.

Aurreko krisialdietatik irakaspenak atera behar ditugu. Krisi testuinguru honetan elkarlanean eta auzolanean piztu diren herri ekimen anitzek, zaintza sareen adibidea esaterako Urtarrilaren 30ean erakutsi bezala, gurean aldaketa sozialaren nahia eta indarra badagoela berretsi egiten du.

Gure buruak gobernatzeko boterea behar dugu aldaketak eragiteko. Burujabetza behar dugu orain eta hemen aldaketa soziala gauzatu ahal izateko. Soberaniaren aldeko borroka da krisi honi aurre egiteko tresnak eskura jartzeko bidea.

Ez dira utopiak. Utopia bakarra egungoa mantentzea bideragarria dela uste izatea da. Baliatu dezagun egoera hau trantsizio ekosozialistari bide emateko.

2020ko apirilaren 22an

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude