Norabide aldaketa erradikala aldarrikatu du Sortuk Lemoizko teilatutik

Sorturen ustez “sistema kapitalista da gerraren, harrapakeriaren, esplotazioaren, aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren erantzulea

Lemoizko zentral nuklearraren instalazioetara sartu da Sortu, eta eraikinaren teilatuetatik bi pankarta erraldoi zabaldu ditu, errotikako norabide aldaketa bat aldarrikatzeko, bai energiari dagokionean, bai politika ekonomiko eta sozialei dagokienean. Lemoizko zentral nuklearra eraikitzen hasi zireneko 50. urteurren honetan, klima-larrialdiaren aurkako egunaren bezperan egin du ekintza.

“Trantsizio ekologiko justua” irakur daiteke instalazioen teilatu batetik zabaldutako 180 metro koadroko pankartan; 50 metro koadroko beste batean, berriz, “Greenwhashing” hitza baina ezabatuta. Lemoizek karga sinboliko handia dauka, duela mende erdi energiaren oligopolioak nuklearraren aldeko apustua egin zuelako eta herri-borrokak egitasmo hori galarazi ziolako. Hona hemen egindako ekintzaren bideoa.

Sortuk dioenez, “egun bizi ditugun krisi ugariak ez dira kasualitatez gertatu. Neoliberalismoak planeta eta gizateria amildegiaren ertzera eraman ditu. Okerreko hainbat erabakik eragin dute klima-larrialdia, krisi-energetikoa edota gerra-egoera”.

Sortuk salatu duenez, “besteak beste, energia fosilen, nuklearraren eta irabaziak gutxi batzuen eskuetan metatzen dituen oligopolioaren aldeko apustuan oinarritu da neoliberalismoa. Eta erabaki horien guztien atzean ardurak dituzten erantzule zehatzak daude. Erantzuleak dira IBEX-35 eta arma-industria, putre-funtsak eta bankuak, Iberdrola, Petronor eta elite ekonomiko eta finantziaroak”.

Ezker independentistaren anolakundearen arabera, “erantzuleak dira hamarkadetan politika neoliberalak aplikatu dituztenak. Eta erantzulea da kapitalismoa, sistema kapitalista baita gerraren, harrapakeriaren, esplotazioaren, aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren erantzulea”.

Horren aurrean, Sortuk dio ezinbestekoa dela “180 graduko norabide aldaketa bat. Premiazkoa dugu esku-hartzea ez bakarrik energia-merkatuan, baita higiezinen merkatuan. Premiazkoa da soldatak eta pentsioak igotzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak sendotzea eta zaintza sistema publiko-komunitario bat eraikitzea”.

Horri ekiteko “berri on bat dugu” adierazi du Sortuk. “Lemoizko borrokak demostratzen duen moduan, posible da okerreko erabaki horiek baztertu eta gauzak aldatzea. Dei egiten dugu orduan bezala antolatzera, borrokatzera eta kaleak hartzera. Zehazki dei egiten dugu azaroaren 12an Bilboko kaleak jendez desbordatzera, aldaketaren aldeko olatua altxatzeko.

Bilboko manifestazioaren harira Sortuk hiru aldarri zabaltzeko deia luzatu du: Lehenik eta behin gerrarekin amaitu behar dela, “neoliberalismoak gerra nuklear baten atarira eraman baikaitu”, deseskalatze militarra gauzatzeko eta irtenbide diplomatiko eta negoziatua baliatzera dei eginez. Bigarrenik, aberastunaren banaketa erradikala behar dela, “ez baita bidezkoa %1k gero eta aberastasun gehiago metatzea, gainerako guztien izerdi eta ahaleginaren kontura”. Sorturen aburuz, “ez da bidezkoa Iberdrola eta Petronor moduko enpresek gero eta etekin handiagoak pilatzea milioika pertsonetk negua ilunetan eta hotzez pasatuko duten bitartean. Oligopolio elektrikoa deuseztatu egin behar da eta haren zein gainerako sektore estrategikoen kontrol publikoa bermatu” ere eskatu du Sortuk.

Azkenik, ezkerreko independentisten antolakundeak burujabetzaren aldarria egin du: “Burujabetza behar dugu. Herriek burujabetza behar dute gizarte berriak eraiki eta produkzio eta kontsumo eredu berrietan oinarritutako gizarte antolamenduak sortzeko. Energia-burujabetza behar dugu (EAEn kontsumitzen dugun energiaren %90 inportatua da; %79 Nafarroa Garaian eta %88 Ipar EUskal Herrian), elikadura- eta ekonomia-burujabetza behar dugun bezalaxe”. Sortuk dioenez “bereziki burujabetza politikoa behar dugu, Euskal Herrian eta Euskal Herritik neoliberalismoarekin amaitu behar dugulako kapitalismoa gainditzeko lehen urrats gisa”.

Sortuk ekimen aldarrikatzailea burutu zuen igandean Lemoizeko zentral nuklearraren lurretan. Ekimen horren bitartez trantsizio ekologiko “justu eta demokratikoa” aldarrikatu zuen.


Sortuk zabaldutako antolakundearen idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez-en hitzak

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.