Osalde I Osasun eskubidearen aldeko Elkartea
Garaia da etorkizun hurbilari eta urrunari begira [Osakidetzak] dituen proiektuak aurkezteko, behingoz ezagunak izan daitezen eta haien inguruan eztabaida zabala izan dezaten gizarte-ordezkari guztiek, azkenaldiko planteamenduetan erakutsi diren murriztapenik gabe. Argitu egin behar da eztabaida, eta jakin behar da zein diren proiektuen alde txarrak eta alde onak, haien inguruan erabakiak modu arduratsuan eta adostuan hartu ahal izateko.
Donostialdeko ESIko zuzendaritzako kideak kargugabetzearen ondorioz, gatazka-egoera bat sortu da, Donostia Ospitaleko zerbitzuburuak dituena aitzindari, Osakidetzako zuzendaritzaren eta Osasun Sailaren beraren aurka.
Azken urteotan, Osasun Saila hainbat erabaki hartzen ari da, osasun-sistemaren funtzionamendua ikuspegi ekonomikotik arrazionalizatzeko eta Osakidetzaren zerbitzuen erabilera hobetzeko helburuarekin, eta erabaki horiek eragina dute zerbitzuen eta egituren garapenean eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleen etorkizuneko bilakaeran. Pentsatu nahi genuke egiten edo programatzen ari den guztia zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, itxarote-zerrendak murrizteko eta area berrien garapena sustatzeko izango dela, lortu direnez haiek inplementatzeko eskatzen diren kalitate-estandarrak.
Baina, zer gertatzen ari den ulertzeko, beharrezkoa da Osasun Sailaren arrazoiak eta helburuak ezagutzea. Gai honi buruzko informazio gehiago eta gardentasun-jokabide egokia (gobernu onaren ezaugarriak) eskatzen ditugu, beste gizarte-eragile batzuek ere eskatzen duten moduan.
Era berean, sortu diren mobilizazioak direla-eta, galdetu behar da aldaketa horietatik zein izan diren kargugabetzeak eragin dituztenak eta zein den Donostia Ospitaleko zerbitzuburuak berrelkartzearen arrazoia. Zerbitzuburuek salatzen dute erabakiak hartzeko modua dela arazoa, eta ez dituztela aintzat hartu, jakinik haien iritzia ezinbestekoa dela zerbitzuak konfiguratzeko eta, iritzi hori gabe, handiagoa dela okerreko erabakiak hartzeko arriskua. Halaber, salatzen dute konfiantzarik eza, aginduen bidez jokatzeko jarrera diktatoriala, eta ezarri nahi diren neurrien ondorioz laguntzaren kalitateak okerrera egin dezakeela.
Definizioz, zerbitzuburuak dira beren zerbitzuen garapenaren eta funtzionamendu egokiaren arduradunak. Biztanleriari eguneratutako prestazioak eskaini behar dituzte, hobekuntza-arloak bilatu behar dituzte egungo mugen aurrean, eta beren espezialitateen premiak baloratu behar dituzte, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Baina egia da, era berean, gure ospitaleen historiak erakusten duen moduan, interes eta pribilegio pertsonalak defendatu behar dituztela, eta horiek, askotan, interes-gatazkak sortzen dituztela babesten omen duten laguntza publikoaren eta beren jarduera pribatuaren edo lanbide-arloko asmoen artean (laguntza-, irakaskuntza- edo ikerketa-arloan).
Prestazio edo zerbitzu bat ospitale batetik kendu eta beste batera eramaten den bakoitzean, bertako antolamendua, langileak eta aurrekontu-partida baino askoz gauza gehiago galtzen dira. Bada hain agerikoa ez den beste alderdi bat, beste zerbitzuekiko erlazioarekin eta ospitalearen ospearekin zerikusia duena.
Horregatik, beharrezkoa da argi eta garbi azaltzea zer aldaketa egingo diren zerbitzu eta ospitale bakoitzean, eta zer irabazi ekarriko dion erabaki horietako bakoitzak osasun-sistema osoari.
Irabaziak handiagoa izan behar du galerak baino, eta planteamendua zerbitzu eta prestazioetarako irisgarritasuna hobetzeko egin behar da betiere, herritarrei arreta hobea emateko eta Osasun Zerbitzu Publikoaren efizientzia hobetzeko zehaztapenen bidez, bai baitakigu osasunak ez duela preziorik, baina kostua, ordea, baduela.
Egun hauetan ikusi ditugun mobilizazioen ondorioz, bi arazo-mota nabarmendu dira, eta desberdinak dira haiei aurre egiteko eta lantzeko erak. Lehenengoa Osakidetzaren planei buruzkoa da. Garaia da etorkizun hurbilari eta urrunari begira dituen proiektuak aurkezteko, behingoz ezagunak izan daitezen eta haien inguruan eztabaida zabala izan dezaten gizarte-ordezkari guztiek, azkenaldiko planteamenduetan erakutsi diren murriztapenik gabe. Argitu egin behar da eztabaida, eta jakin behar da zein diren proiektuen alde txarrak eta alde onak, haien inguruan erabakiak modu arduratsuan eta adostuan hartu ahal izateko.
Badakigu zerbitzuburuek jakintza egokia dutela (ospitale-areak garatzeko beharrezkoa den jakintza espezializatua) planteatutako aldaketei buruz autoritatezko iritzia emateko, eta badakigu, era berean, boterea dutela eta hura erabiltzen dutela, baina ez dutela beti osasun-sistema osoaren alde erabiltzen (oso adierazgarria da lehen mailako arretaz izan duten erabilera interesatua), ez eta guztion osasunaren mesedetan ere. Horregatik, karta guztiak mahai gainean jartzea komeni da.
Bigarrena moduei buruzkoa da, Osasun Sailak eta Osakidetzak hartzen dituzten erabakiak era guztiz aldebakarrekoan betearazteko moduari buruzkoa. Funtsezkoena hori dela dirudien arren, gertatu den gauzarik nabarmenena ez da izan Donostialdeko ESIko arduradunen kargugabetzea (EAEn beti izan da garrantzitsuagoa zuzendaritzakoekin ideologikoki bat etortzea, prestakuntza eta kudeaketa-esperientzia izatea baino), baizik eta nola betearazten diren erabakiak, batez ere garrantziagatik eta esangura bereziagatik eztabaidatu beharko liratekeenak, agindu bidez, inplikatutako alderdiek aldez aurretik jakin gabe eta prestatzeko aukerarik gabe.
Osakidetza eta Osasun Saila bidegurutze garrantzitsu baten erdian daude une honetan. Gobernu honen osasun-arloko aurrekontua denetan mardulena da, eta historiako handiena. Gauza bera gertatzen da Osakidetzaren aurrekontuarekin. Hala eta guztiz ere, Osasun Sailak ez du lortu gaur egun osasun-sistemak duen narriadura-egoerari buelta ematerik, ez eta orain arte «euskal osasun-oasia» deiturikoak izan duen onarpen- eta ospe-galerari aurre egiterik ere. Gainera, langileen akidura eta desilusioa ditu aurrean, hartutako erabakiek eta haiek ezartzeko moduak eraginda. Bestalde, gero eta nabarmenagoa eta orokorragoa da osasun-sistema publikoa pribatizatzeko joera dagoela dioen salaketa. Hala eta guztiz ere, badirudi gertatzen ari denaren arduradun nagusiek ez dutela ikusten euskal osasun-zerbitzua kudeatzeko moduetan inolako aldaketarik egiteko beharra dagoenik.
Osaldek beti defendatu du sistema unibertsal, publiko eta irisgarri baten erdigunean pertsonak, familiak eta komunitatea jartzen dituen osasun-arreta izateko eskubidea. Horregatik, osasun-krisi larri honen aurrean, uste dugu iritsi dela ASKI DA esateko garaia, eta aseguru pribatu bat izatea saihetsezina dela onartzeari uzteko garaia. Beharrezkoa da epe laburreko ikuspegiari muzin egingo dion kudeaketa egitea, hurbileko interes politiko edo ekonomikoetatik harago begiratuz eta estrategia eta plangintza arduratsuekin lan eginez.
Legebiltzarrean, sindikatuetan, talde profesionaletan eta herritarren erakundeetan onartu behar da osasun-zerbitzuen administrazioak norabidea aldatu behar duela, eta ezinbestekoa eta premiazkoa dela akordio zabal bat lortzea, Osakidetzak (euskal osasun-sistema publikoak) zer izan behar duen eta nola funtzionatu behar duen erabakitzeko, behar dugun eta nahi dugun osasun-arreta lortzeko.