Pentsio publikoetan egindako murrizketak atzera botatzeko beharra planteatu du LABek

Azken urteetako pentsioen erreformen ondorioz egindako murrizketak atzera bota behar direla nabarmendu du LABek. Otsailaren 8an Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan egingo duen mobilizazioa iragarri du sindikatuak, Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki. Pentsioen erreformei ez lelopean.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin du espainiar eta frantziar estatuetako pentsioen erreformei buruz sindikatuak egiten duen irakurketa azaltzeko. Azpimarratu duenez, Ukrainako gerraren testuinguruak «trantsizio ekosozialista eta feministaren beharra areagotu du, eta horrek politika publiko birbanatzaileen aldeko apustua egin behar duela». Bere ustez, trantsizio hori abiatzeko, lehenik eta behin azken urteetan lan erreformen eta pentsioen bidez nahiz zerbitzu publikoetan inbertsiorik ez egitearen ondorioz egindako murrizketak atzera bota behar dira.

«Pentsioen erreforma justifikatzeko bi estatuetan erabilitako argudioak antzekoak dira. Erronka demografikoaz hitz egin digute, eta esan digute egungo pentsio sistemak ez direla iraunkorrak», azaldu du Aranburuk, eta nabarmendu du neurri horiek eskubideak «murrizten» dituztela eta erretiroa kobratzeko baldintzak «gogortzen» dituztela. Horrek guztiak, LABen ustez, «negozio pribatuari mesede egiten dioten politika ekonomiko neoliberalen logikari erantzuten dio».

Sindikatuak, aldiz, ziurtatu du posible dela pentsioen iraunkortasuna bermatzea murrizketarik egin gabe, eta, horretarako, soldatak hobetzea eta kotizazio mugak kentzea proposatu du, «horrela, lanean ari diren langileek diru gehiago jartzen dute kotizazioen bidez eta, gainera, etorkizunean pentsio hobeak izango dituzte». Bestalde, «beharrezkoa balitz», aurrekontuen bidez, beste zerga politika batekin, diru gehiago eta modu progresiboagoan bilduz pentsio publikoak eta zerbitzu publiko duinak bermatzea proposatu du, «izan ere, pentsioak estatuak bermatu beharreko oinarrizko eskubidea dira».

«Sistema publikoaren aurkako erasoa»

Macronen Gobernuak iragarritako erreformari dagokionez, Aranburuk nabarmendu du «sistema publikoaren aurkako eraso zuzena» dela, erretiroa hartzeko legezko adina handitzen duelako eta pentsioak jasotzeko baldintzak gogortzen dituelako.

Era berean, espainiar Estatuan egindako azken bost erreformak norabide berean doazela dio. Gainera, horietako batzuek «CCOOren eta UGTren berme sindikalarekin» aurrera eraman izanaren larritasuna azpimarratu du. Aranburuk erreforma horien ondorio hauek aipatu ditu: «Erretiro adina atzeratzea; pentsioa jasotzeko behar diren gutxieneko urteen luzapena; pentsioa kobratzeko gutxieneko kotizazio aldia; kotizazio urteen igoera pentsioa kalkulatzeko; pentsioak jaitsi dituen pentsioaren zenbatekoa eguneratzeko berrikusketa metodoaren eguneraketa; pentsio funts pribatuak bultzatzea…».

Izan ere, erreforma horien bidez, erretiro prestazioa jasotzeko baldintzak gogortu egin dira, eta Aranburuk gogoratu duenez, ez da 1260 euroko gutxieneko pentsioa bermatzen. Gainera, nabarmendu du emakumeen %66,7k 1.000 eurotik beherako soldata jasotzen duela, eta pentsiodun guztien %34,5ek ere ez duela kopuru hori kobratzen. Bestalde, emakumeek doan egindako zainketa lanerako ez dagoela inolako errekonozimendu edo konpentsazio ekonomikorik salatu du, eta «ez dela inolako neurririk hartzen genero arrakala murrizteko».

«Eta orain, Escriva ministroak beste urrats bat eman nahi du, 30 urteko pentsioa kalkulatzeko epea handituz. Neurri hori aurrez aurre gaitzesten dugula adierazi nahi dugu. Frogatuta dago aldi hori handitzen den urte bakoitzeko pentsioek murrizketa argia dutela eta estaldura tasa murrizten dutela. Horrela, jasotako azken soldataren eta erretiro pentsioaren artean gero eta alde handiagoa dago», kritikatu du LABeko idazkari nagusiak.

Mobilizazioa

Aranburuk azaldu duenez, Euskal Herriko gehiengo sindikal eta soziala «Madrildik eta Paristik inposatutako erreforma horien aurka agertu da». Ildo horretan, beharrezkotzat jo du Gizarte Segurantzaren Euskal Legea, eta, horretarako, sindikatuak mobilizatzen jarraituko du. Hori dela eta, datorren otsailaren 8rako hitzordua zehaztu dute Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Goizeko hamaiketan hasiko da, Hendaiako tren geltokian, eta Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki. Pentsioen erreformei ez lelopean egingo da.

«Ipar Euskal Herrian bezala, Hego Euskal Herrian ere murrizketak berresten badira eta pentsioen aurkako beste eraso bat gertatzen bada, gainerako sindikatuekin, gizarte eragileekin eta pentsiodunen mugimenduarekin mobilizatzeko aukera ere baloratuko dugu», amaitu du Aranburuk.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude