Perseo Zineforumak “Arabiar herrialdeak eta Iran” zikloarekin hasiko du ikasturtea

Urriaren 3tik aurrera bueltan izango da Perseo zineforuma Kultur Leioan

Mitologia grekoak dioenez, urrezko euri tantekin jaio zen Perseo, Zeus euri bihurtu eta Acrisiok eraikitako dorrea zeharkatuz Danae haurdun utzi zuen egunean.  Iran, Egipto, Tunez eta Marokotik jasoko ditugu urriaren 3tik aurrera urrezko bost tanta, Kultur Leioa zeharkatu eta gure imaginarioan sartuko direnak.

Urriaren 3an “El viajante” (Asghar Farhadi. Iran, 2016) filmarekin estreinatuko da berriro ere zinforuma. Pelikula honek polemika handia sortu zuen Oscar sarietan film atzerritar onenaren saria jaso zuenean, Trump-en migrazio legeak zirela eta, zuzendariak sari banaketara ez joatea erabaki baitzuen. Asghar Farhadik etxe barruko drama psikologiko bat aurkezten digu. Ernad (Shahab Hosseini) eta Rana (Taraneh Alidoosti) Teheranen duten pisua uztera behartzen ditu edifizioaren erortze arriskuak. Beste apartamento batera lekualdatzen dira, baina aurretik bertan bizi izandako emakumearekin erlazionatutako gertaera batek bikotearen bizitza dramatikoki aldatuko du. Filmak hainbat gai unibertsal lantzen ditu (etika, genero indarkeria, enpatia, mendekua…) eta hausnarketa moral batera bultzatzen du ikuslea.

Urriaren 10ean Mohamed Ben Attia zinegile tunisiarraren “Heidi. Un viento de libertad” (2016) filma proiektatuko da. Heidi 25 urteko gizon bat da. Kotxeak saltzen ematen ditu egunak eta gutxi barru familiak aukeratutako emakume batekin ezkonduko da. Gidari turistiko bat ezagutu eta maitasunak bere bizitza hankaz gora jarriko du. Bere bizitza planifikatu dutenen aurka altxatuko da orduan.

Urriaren 17an azpitituloekin ikusiko dugu “Clash” drama politikoa (Mohamed Diab. Egipto, 2016). Pelikulak El Cairon kokatzen gaitu, 2013. urteko udan, egipziar iraultza eta bi urtetara. Morsi presidente islamistaren kargugabetzearen ondoren, istiluz beteriko egun batean, furgoi polizial batek ideologia eta erlijio desberdinetako hamarnaka manifestatzaile eramango ditu. Aurrera ateratzeko, beraien desberdintasunak atzean utzi beharko dituzte.

Iran eta Marokoko pelikula bana

Urriak 24, “Taxi Teheran” (Jafar Panahi. Iran, 2015). Film honen autorea zinemagile goraipatua da, baina zentsura eta jazarpena pairatzen ditu bere herrialdean eta ez diote Iranetik ateratzen uzten. Oraingoan, dokumental faltsu batekin dator. Jafar Panahi berak, taxilari plantak egin eta bidaiari xelebrak kamara izkutuz grabatuko ditu. Bidaiariekin dituen solasaldien bitartez errepresiopean dagoen gizarte bat irudikatuko du.


Azkenik, zikloari amaiera emateko, urriaren 31n “Los caballos de Dios” (Nabil Ayouch. Maroko, 2012) filma bertsio originalean proiektatuko da. Yachinek hamar urte ditu eta familiarekin txabola batean bizi da Sidi Moumenen, Casablanca-ko herrixka batean. Bere anaia Hamid, 13 urte ditu eta auzoko zaintzaile eta liderra da. Hamid kartzelaratua denean, Yachinek hanbat lan egingo ditu anaia laguntzeko eta inguratzen duen miseria, biolentzia eta droga atzean uzteko. Hamid erradikalizatuta irtengo da kartzelatik eta anaia eta lagunak konbentzituko ditu bere zirkulora batzeko. Abou Zoubier imanak fisikoki eta mentalki entrenatuko ditu gazteak, martirak izateko hautatuak izan direla komunikatu baino lehen.

Urriaren amaierarekin batera, urrezko euri zaparrada gelditu egingo da eta “Zuzendari espainiarrak” zikloari utziko dio bidea. Bueltan da Perseo, zinema herrira hurbildu eta gure imaginarioetan barreiatzeko asmoz!

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude