Umore Azoka Leioako XXI. edizioa irailera aldatu du Udalak

Kale Artisten Azokaren XXI. edizioa irailera aldatzea erabaki du Leioako Udalak, irailaren 16tik 19ra, hain zuzen ere. Hasierako hitzordua maiatzerako aurreikusita zegoen, ohi bezala, baina data berri horrek aukera emango du osasun-aurreikuspen hobea izateko eta pandemiaren kontrol handiagoa izateko, hala, publikoaren eta profesionalen segurtasuna bermatzeko.

Umore Azoka Leioa 2021 irailaren 16, 17, 18 eta 19an izango da eta 38 konpainiak hartuko dute parte, horietatik 20 Euskal Herrikoak izango dira, beste 12 Estatuko toki ezberdinetatik etorriko dira eta gainontzeko 6ak nazioartekoak izango dira.

Leioako Udaleko Kultura Sailak “zailtzat” jo du erabakia, baina “erabaki zuzena” dela zehaztu du, “Hainbat aukera eta arazo aztertu ostean”. Tokiko erakundeak Umore Azoka guztiontzako berme handienekin egin eta gozatu ahal izatea lortu nahi du, eta maiatzeko hasiera hurbilegia da hori posible izan dadin. Pandemiari aurre egiteko hartu beharreko segurtasun neurriek Umore Azoka Leioak bere helburuak eta ikusleen itxaropenak betetzea eragotziko lukete, udal iturriek adierazi dutenez.

Hori dela eta, sektoreko profesionalekin, konpainiekin eta artistekin baloratu ondoren, Udalak Umore Azoka 2021en datak irailera lekualdatu ditu, Umore Azokaz sasoi betean gozatzeko ilusioarekin.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.