Zer berri? :: “Bilbon dabil Gabriel Aresti”, Karmelo Landaren liburua

Karmelo Landak idatzia eta BilbaoArten diseinatu eta maketatua, Erroa argitaletxeak argitaratu du, Bilboko Udalarekin lankidetzan, eta Gabriel Aresti Kultur Elkartearen ekimenez.

Liburu originala da hau, izan ere, bertan Bilboko kaleetatik ibilbidea egiten du Landak; Aresti bizi izandako, bere testuetan aipatutako edo jardundako lekuak ageri dira eta, horiekin, Bilbo sakon ezagutzeko gida bat osatu du egileak. Bilboko gatazka sozial, kultural eta linguistikoak ezagutzeko saiakera ere bada, gainera, liburu hau, bertan azaltzen baitira Arestik bizi izan zituen moduan, baina gai horiek egungo Bilbora ekartzen ditu liburuak, gaurkotuta, eta, beraz, oraingo Bilboren gida eta ispilua ere bada. Era berean, Euskal Herriaren beraren ispilu eta agertoki ere bada Bilbo, azken hamarkadatan bizi eta ezagutu dituen metamorfosi eta aldaketa sakonen ispilu, Euskal Herriaren egungo egoeraren isla eta ispilu.

Bilbo sakonean ezagutu nahi duenarentzat ez ezik, euskara ikasten ari denarentzat ere erabilgarria da Bilbon dabil Gabriel Aresti, liburuak audio material osagarria baitu Bilbo Hiria irratian egindako izen bereko saio sortan. Izan ere, bilbohiria.eus webgunean topatuko ditugu Karmelo Landa eta Xabier Monasterioren arteko elkarrizketak, tokiz toki ibilbideko gune bakoitzaren gaineko jakingarriekin. Gainera, bertan proposatzen diren ibilbideak gauzatu egingo dira datozen hilabeteetan antolatuko diren ibilaldi gidatuetan.

Idazlearen esanetan, proiektu honen helburua “Bilbok Euskal Herrian kokatu eta bere nortasuna berraurkitu dezan lagungarri” izatea da, inor izatekotan Bilboko euskal idazle nagusia den Gabriel Arestiren eskutik. Bilbo badabil, eta Gabriel Aresti Bilbon bertan dabil gaur egun.


Laburrean

Egilea  Karmelo Landa

Argitaletxea  Erroa argitaletxea

Zenbatekoa  20,00 €

Hizkuntza  Euskara

Orri-Kopurua  223

Argitalpen-urtea  2021

Lizentzia  Copyright

ISBN  Erroa argitaletxea

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude