Abokatua eta egun Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen zuzendaria den Koldo Tellituren Neure Jugoslavia, hain ulertu gabea liburuak bi zati handi ditu; lehenengoan, egileak Jugoslaviako esperientzia autogestionario sozialistaren hainbat eremu errepasatzen ditu, hala nola kooperatibismoa, hezkuntza-sistema, autodeterminazio-eskubidea, Jugoslaviako gerrak, saskibaloia, Jugoslaviako New Wave, Stalin eta Titoren arteko apurketa, gerraosteko Jugoslavia, futbola…
Tellituk, alderdi horiei buruzko bere bizi esperientziatik abiatuta, bere funtsezko elementuetan sakontzen du, gizarte eta politika ikuspegitik, kasu batzuetan, eta kultura edo kirol ikuspegitik, bestetan. Eremu horietako batzuetan, Jugoslaviako esperientzia gure herrian, Euskal Herrian, gertatutakoarekin lotzen du, bereziki esperientzia kooperatiboari, hezkuntza-eremuari eta nola ez,
autodeterminazio eskubideari dagokienez. Zati hau Jugoslaviako gerrarekin amaitzen da, eta
bertan gerraren gako politikoak eta gatazkaren garapena aztertzen ditu egileak, baita tarte bat
egiten die ere gerra hartatik grabatuta geratu zaizkion hainbat eszenei.
Bigarren zatia jugonostalgikoentzako bidaia-gida moduko bat da. Bertan, egileak Jugoslaviara
egindako bidaiak jasotzen ditu eta bertako leku esanguratsuen errepasoa egiten du, arreta
berezia jarriz esperientzia sozialistan eta partisanoei lotutakoetan. Lekuak deskribatzera mugatu
gabe, eraikinen, museoen, monumentuen, kiroldegien… irakurketa sozio-politikoa gehitzen du
beti.
Liburutik leku magikoak pasatzen dira Jugoslaviako edozein bisitarirentzat, adibibidez Bled
lakua Eslovenian, Kalemegdan parkea Belgradon, Dubrovnikeko hiri zaharra, Kotorreko badia,
Spliteko jauregia, Skopjeko harrizko zubia edo Mostarreko zubi zaharra, baina liburuak, batez
ere, tarte berezia eskaintzen die denboran zehar Jugoslavia sozialistara eramaten zaituzten leku
horiei. Herrialde paregabe hura atsegin dutenentzat ezinbestekoak diren leku horieihain zuzen ere. Sobietarrei desafio egiteko gai izan zen herrialdea, sozialismoari bere bide propioa garatzeko gai
izan zena, lerrokatu gabeko herrialdeen mugimendua gidatzeko gai eta kultur eta kirol
munduan erreferentzia izan zena… Bai, jugonostalgikoentzat ezinbestekoak diren lekuak.
Horrela, liburutik igarotzen dira Belgradeko Titoren mausoleoa, Visegrad hiriko Drina gaineko
zubia, Ivo Andricek bere liburu zoragarria (Nobel saria eman ziona) eskaini zion zubia, Maribor
askatzeko monumentua, Skopjeko posta bulegoa, Neretvako batailaren museoa, Mostarreko
hilerri partisanoa, Sarajevoko Vraca parkea (hirian nazien genozidioari eskainia), Titogradoko
Gorica parkeko monumentu partisanoa, Novi Beograd, utopia urbanistiko sozialista baten
adibiderik onena, eta Jugonostalgikoentzat ostalaritza lokalak (tabernak, jantokiak, terrazak…)
ere jasotzen ditu liburua.