2019an Aberri Egun bateratua antolatzea proposatu du Independentistak Sareak

Independentistak Sareak, azken bederatzi Aberri Egunak antolatu dituen antolakundeetako batek, jauzi berri bat egiteko unea iritsi dela adierazi du.

Hori dela eta, balizko burujabetza prozesu bati begira «Aberri Egunak bere tokia eta bere papera izan beharko lukeela jokozelai politikoan» esan du sareak. Horretarako «datorren urteko Aberri Egunean urratsa egitea planteatzen dugu: gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua antolatzea». Dioenez, «ziur gaude euskal herritarren gehiengo oso zabalak eta diaspora osoak ilusio handiz hartuko lukeen berria dela».  Eta eragile ezberdinei «gaia hausnartzeko eskatzen diegu eta, datozen asteotan, guztiekin harremanetan jartzeko prest gaude» esanez bukatu dute adierazpena.

Euskal Herriko erdigunetik egindako proposamena

Independentistak Sareak 2019ko Aberri Egun bateraturako proposamena «euskal lurralde guztien erdigunetik» egin du, hots, Irañetatik,  «herri honek bere tokia nahi du munduan eta bere etorkizuna eraiki nahi du askatasun osoz, inolako menpekotasunik gabe» adierazi duelarik.

Indenpendentistak Sareak-en iritziz, «Nafarroako Erresuma hondatu zigutenetik, ez da bakerik izan gure herrian. Burujabetza berreskuratzeko borrokaren hariak ordutik gaurdaino dirau etengabe. (…) Jauzi berri bat egin eta Euskal Estatu burujabea berreskuratzeko prozesua martxan jartzeko ordua iritsi da».

Irakurri duten adierazpenean diotenez, Euskal Herrian ere «prozesu soberanista martxan jarri eta Kataluniarekin batera, estrategi komun baten bitartez, Estatu autoritarioari aurre egin eta bi herriok independentziaren bidean aurrera egiteko ordua da».

Horregatik, «elkartasun eta konplizitatez betetako mezua bidaltzen diogu herri katalanari», adierazi dute. «Bat egiten dugu Errepublika Katalanarekin; katalan, euskal eta mundu osoko preso eta exiliatu politikoen askatasuna exijitzen dugu; eta gogor salatzen dugu espainiar Estatuaren errepresioa» azaldu dute.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude