27.000 leioaztar daude deituta Azaroaren 5eko herri galdeketan parte hartzera

11 hautes-mahai egongo dira zabalik herrian zehar botoa eman ahal izateko. 

Azaroaren 5ean Gure Esku Dagok estatus politikoaren gaineko galdeketan parte hartzera deitu ditu leioaztarrak. Hamasei urtetik gorako 27.431 pertsonek eman ahal izango dute botoa eta 11 hautes-mahai egongo dira zabalik herriko hainbat tokitan: 3 boulevard-ean, Sabino Arana 65 (GEDen lokalean), Txoriherrin, Pinuetan, San Bartolomen, Artatzan eta Sarrienan. Horrez gain, hautestontzi mugikor bat egongo da aldenduta dauden auzo edo etxeetatik. Gainera, “boto aurreratua” ere eman daiteke ostegunero GEDen lokalean, hilaren 21ean Pinuetan eta 28an Boulevard-ean.

Leioaztarrek  “BAI” ala “EZ” erantzun beharko diote Gure Esku Dagok proposatutako galderari: “Nahi al duzu euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Galdeketaren prestakuntzan 14 laguneko talde finko batek egin du lan, baina, diru-laguntzak eskuratzen edo komunikazioan laguntzen, 60 pertsona inguru aritu dira orain arte.

Gure Esku Dago-ren Lurdes Ormazak uste du emaitzak eta parte-hartzea ez direla garrantzitsuena, galdeketa egiteko egin den lan guztia baizik: “Erabakitze eskubidea gauzatu den edo gauzatuko den herri guztietan, herritarren arteko harremanen hobetzearen balorazio baikorra egiten dugu. Leioan, duda barik. Talde anitza (adin, ideologia, lanbide ezberdinetakoak) helburu baten lorpenean lanean aritzea ez da erraz lortzen eta uste dugu, horri dagokionez, Leioan aurrerapauso bat eman dugula”.

Leioaz aparte, beste 12 herritan egingo da herri galdeketa: Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu eta Otxandio. Getxo izango da orain arte galdeketa egin den herririk handiena, 80.000 biztanlerekin, eta herri guztiotako botu-emaile kopurua 160.000era ailegatuko da. Orain arte, 155.000 pertsonek izan dute bozkatzeko aukera Euskal Herriko 165 herritan.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.