Udalak sustatutako prozesu parte hartzailea ekainaren eta irailaren artean burutu da I Kiroldegia herrigunetik ez urrundu; udalerri osoari erantzuna eman neurri eta edukieretan; auzoei gutxieneko kirol-horniketa eskuratu; publiko guztientzako eskaintza; eta egiten diren praktika guztiei egokitutako instalazioak, bolumen eta nolakotasun aldetik eskatzen da
Leioak azken urteotan biztanleriaren hazkunde handia izan du, eta bere azpiegiturak horren eragina jasotzen hasi dira. Kirolak eta kirol-instalazioek ere nozitzen dute eragin hori. Horregatik beharrezko ikusi du Udalak «gaur eguneko ereduaz hausnarketa egitea, eta kalera eraman du hausnarketa egiteko aukera». Leioako auzotarren iritzia jaso nahi izan du parte hartzeko prozesua irekita. «Prozesu horren bidez, Leioan bizi diren pertsona guztien beharrak ezagutu nahi izan ditu; modu batean edo bestean kirolarekin harremanetan dauden pertsonen beharrak, edota, horretarako egoera egokirik suertatuko balitz, gaur eguneko eta etorkizuneko kirol-instalazioen erabiltzaile potentzialak liratekeenenak».
Parte hartzeko prozesu hori ekaina eta iraila bitartean eman izan da, «ondorengo urrats hauen arabera: herritarren parte-hartzea, kirol-entitateen parte-hartzea eta instalazioetako langileen parte-hartzea». Udalak ezagutzera eman duenez, «guztira, herritarei irekitako prozesu horren bidez 324 pertsonak, aurrez aurre eta tailerretan 27 partaidek eta herriko kirol-instalazioetako 7 langilek hartu dute parte». Analisia hiru erabileremutan oinarrituta garatu da: kirol-jarduera, kirolaren presentzia udalerrian eta udalerriko kirol-instalazioak.
Urte batzuk barru nolakoa izango daen kirola eta nola kudeatuko den jakin nahia
Udaletik esan dutenez «azken helburua honako galdera hauek erantzutea baino ez da: nolakoa izango da kirola Leioan, nola bizi izango dute herritarrek kirola, nola kudeatuko da… Gainera, jakina, kirol-instalazio berriak diseinatzean kontuan izan beharreko gaiak, leioaztar guztiek gura duten kirol-eredua egia bihurtu ahal izateko».
Kirola udalerrian bizi ahal izatera, mahaigaineratzen diren estrategiak hainbat dira, diotenez: «kirol-disziplina barreiatzea sustatu; doako klaseen bidez lehiaketa tankerako jarduera-ekimenak kaleetan gauzatu; aire zabaleko kirola praktikatzea bultzatu; herriko klubek kalean bertan ekitaldiak burutu; eta Leioan dauden eremu ugariak aire zabaleko kirola egiteko baliatu. Halaber, kirola bizitza osasuntsuaren ezinbesteko atala deneko mezua zabaldu, publizitatea egin eta nabarmendu diren herriko kirolarien arrakastak ezagutarazi eta erreferentzia-lehiaketak indartu».
Bestalde, kirolaren kudeaketa dela-eta, «onuragarri ikusten dira horretan lan egingo duen erakunde autonomoa sortzea eta langileen teknifikazioa eta profesionalizazioa».
Kirol-instalazioak direla-eta, «nagusiki horien guztien hoberenerapen beharra adierazten da; kiroldegia herrigunetik ez urrundu; udalerri osoari erantzuna eman neurri eta edukieretan; auzoei gutxieneko kirol-horniketa eskuratu; publiko guztientzako eskaintza; eta egiten diren praktika guztiei egokitutako instalazioak, bolumen eta nolakotasun aldetik».
Bukatzeko, «nabarmentzekoa da ekarpen guztiak bi alderkikoak direla: aniztasuna eta modernitatea batetik, eta kirol-esparruko bateragarritasuna bestetik», adierazi dute udaletik.