Udal Musika Kontserbatorioak 2,3 miloi izango ditu, eta euskararen erakundeak 1,2 miloi euro I Diru-sarrera handiagoak, neurri handi batean, Udalkutxatik jasoko den diru laguntzaren eta udal zerga eta tasengatik diru-sarrera handiagoen ondorio izango dira I Inbertsioetarako 4,5 miloi zuzenduko dira I ‘Aurrekontu irekiak’ izeneko atalera 900.000 € bideratuko dira.
Leioako Udalak 2019rako 38.117.648 euroko udal aurrekontuak onetsi ditu. Soinu Atadia eta Euskararen Erakundea erakunde autonomoen aurrekontuak 2.287.304 eta 1.160.837 eurokoak dira, hurrenez hurren. Kontuek %8,5eko hazkundea erakusten dute 2018koekin alderatuz, Foru Ogasunek edo Udalkutxak izan dituzten diru-sarrera handiagoen ondorioz, aurreikuspenak gainditu baitituzte, eta baita Udalek udal zergengatik eta tasengatik izan dituzten diru-sarrera handiagoengatik ere. Udalkutxaren ondorioz Udalak izan duen igoera 1.186.434 eurokoa izan da.
Udalak adierazi duenez, partida garrantzitsuenen artean, diru-sarreren atalean (7. kapitulua. Kapital Transferentziak) %59ko hazkundea azpimarratu behar da, hau da, 1.366.137 euroko sarrera. Diru-sarrera horiek Eusko Jaurlaritzatik (ikastetxeetan egindako irisgarritasun, egokitzapen eta mantentze lanak, garapen jasangarria eta ingurumen arloetako inbertsioak), Bizkaiko Garraio Partzuergotik –BGP-CTB– (Txorierriko igogailuan egindako inbertsioa) eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik (hornidurarekin eta saneamenduarekin erlazionatutako lanak) datoz.
4,5 miloi inbertsioetarako
Modu berean, inbertsioen atalak ere %33,5eko hazkundea erakusten du, 4.511.786 eurora helduz, udal aurrekontu osoaren %11,83, hain zuzen ere. Alor horretan, partida garrantzitsua “Auzoak Eraikiz” programara bideratzea aurreikusten da, auzoetako mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburuz, udal iturriek dioetenez.
2019ko beste jarduketa garrantzitsuenetako batzuk «argiztapen publikoan, umeentzako ekipamenduetan eta bio-osasungarrietan, kirol eraikinetan eta instalazioetan egin beharrekoak izango dira, eta baita Herri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren aurrerapenean eta egin beharreko azterlanetan eta proiektuetan ere, hiri birgaikuntzako lanak ahaztu barik».
2019. urteari begira, 900.000 euro bideratu dira “Aurrekontu irekiak” programara.
Udalak azpimarratu duenez, aurrekontu gehien izango duten jarduketak honako hauek izango dira: ikastetxeei emango zaizkien diru-laguntzak; ohitura osasungarriekin eta bizikidetzakoekin erlazionatutako programak; euskararen sustapenerako laguntzak; enplegagarritasunari laguntza; enpresen eta merkataritzaren lehiakortasunaren sustapena, identifikazioa eta aholkularitza finantzaketaren bilaketan, merkataritza sektorerako programa espezifikoen garapena, laguntasuna soluzio teknologikoetan; kultura ekintzailearen sustapena; harrerako etxebizitzak etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeentzat eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzat; aurrekontu handiagoa gizarte arloko larrialdi egoeretarako eta umeen tratamendu psikologikorako; bi programa berri, adinekoengan bakardadea hautemateko eta osasunaren prebentziorako eta babeserako; Artatza Jauregian gizarte eta kultura izaerako jarduera berriak sustatzea; Aterpe Leioa Gaztegunearen jardueren hedapena; Umore Azoka indartsuagoaren ospakizuna, 20. urteurrena dela eta; balioetan oinarritutako hezkuntza; aurrekontu handiagoa berdintasunerako, emakumeenganako indarkeriaren eta desberdintasunaren prebentziorako kanpainak zabaltzeko; herri jaietarako aurrekontuen hazkundea eta, azkenik, hobekuntzak kirol instalazioetan.