425 pertsona euskal errepresaliatuen aldeko Uribe Kostako Martxan

Larehun eta hogeita bost (425) pertsonak hartu dute parte gaur Uribe Kostan burutu den euskal preso, errefuxiatu eta deportatuen aldeko Martxan.

Martxa goizeko 10:00etan abiatu da bi zutabetan: bata Astrabuduatik irten da, Leioa, Erromo, Algorta eta Berango zeharkatuz. Bestea Plentziatik abitua da, Barrika, Urduliz eta Sopela igarota, Berangon Astrabuduatik zetorrenarekin batu eta Berangoko frontoi ondoan jarritako Kalera Kalera dinamikaren pankartarekin apainduta zegoen azken ekitaldi lekuraino heldu arte.

Plentzian hasiera eduki duen zutabea 175 lagunek osatu dute. Giro alaian eta pausuz pausu, ibilbidean zeharreko herrietan euskal preso, errefuxiatu eta deportatuak kaleratu eta euren etxeetara bueltatzeko aldarria zabaldu dute parte hartzaileek. Gainera, trikitrixa batek alaitu du martxa. Astrubuduatik abiatu den zutabean 250 lagun batu dira herririk herri egindako ibilbidean.

Berangora helduta, ekitaldi laburra burutu da. Lehenik eta behin, eskualdeko preso, errefuxiatu eta deportatuen senideei omenaldi xumea egin zaie, agurra dantzatuz eta opari txikia emanez.

Horren ostean irakurritako mezuan azpimarratu denez, martxa honen bitartez euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera salatu nahi izan dute. Gogoratu dutenez, «jendartearen gehiengoak hamaika aldiz adierazi duen moduan, garaia da gatazkaren konponbidean urratsak emateko eta, ondorioz, errepresaliatu guztiak etxeratzeko». Gainera, «Estatu espainolak, Estatu frantsesak ez bezala, entzungor jarraitzen du; bai jendartearen nahiari eta baita nazioartetik etengabe egiten dizkioten exigentziei kasu egin barik» adierazi dute.

Antolatzaileek esan dutenez, «egun Uribe Kostako 17 preso ditugu euskal preso politikoen kolektiboan eta deportatu bat Sao Tomén» eta 20 urte igaro dira eskualdeko hainbat preso (Urko Labeaga, Patxi Marques, Iñaki Bilbao…) atxilotu zituztenetik. Euren senideei omenaldia egiteaz batera, azken urtean hildako senideak ere ekarri dituzte gogora eta publikoki preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera ekarri arteko haien konpromisoa azaldu dute. Horretarako «ezinbestekoa da herri aktibazioa; izan auzo, herri, ikastetxe zein lantegian. Gures eskuetan dago», esan dute.

Norabide horretan euskal errepresaliatuen aldeko hitzordua gogorazi diete bertaratutako guztiei: urriaren 20an, Donostian, Orain presoak lelopean egingo den manifestazioa. «Bertan elkartuko gara» etxera ekartzeko Uribe Kostako preso eta deportatu diren «Alfonso, Iñaki, Gorka, Irantzu, Orkatz, Xabier, Lezuri, Patxi, Asier, Urko, Sergio, Alvaro, Tortu, Aitor, Guti, Jabier, Manex, Arkaitz eta gainerako guztiak», adierazi dute.

Ekitaldia bukatuta, elktrotxaranga aritu da Berangoko kale nagusian giroa alaitzen, bildutako herritarrak taberna eta terrazetan zerbait hartzen zuten bitartean.

Zozketan saritutako zenbakiak

Egunari bukaera emateko, bazkari herritarra egin da frontoian, 200dik gorako lagun batu direlarik. Bertan ere zozketatu dira Martxa finantzatzeko atera diren boletoak. Honakoak izan dira zenbaki sarituak: lehen saria 611 zenbakia (2.303, ordezkoa); bigarren saria, 1.389 zenbakia (1.498a, ordezkoa) eta hirugarrene saria 1.746 zenbakia (2.973a, ordezkoa).


Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude