Adierazpena A5 herri galdeketak
2017-11-01 | Galdakao
Bozeramaileak: Izaro Ziluaga (Ibarrangelu) eta Jon Gomez (Galdakao)
Kataluniara begira gaude baina Euskal Herrian geldialdirik gabe lanean jarraitzen dugu erabakitzeko eskubidearen alde. Gurean ere etorkizun politikoaz erabaki egin nahi baitugu. Eta zalantzarik ez daukagu erabakiaren bidea, erabakiz ikasiko dugula. Erabakiz egingo dugula.
Galdeketen tsunami bat iragarri zuen Gure Esku Dagok joan den urteko ekainaren 5ean, eta jada 167 herri hartu ditu olatuak. 154.500 herritarrek hartu dute parte azken urteotan Euskal Herrian egin diren herri galdeketetan. Eta zain daude beste milaka. Euskal herritarron erabakitzeko borondateari bide emateko lehen pausoak ematen ari gara herriz herri, egunetik egunera hazten ari den herri mugimendu zabal baten eskutik.
Bizkaiko eta Gipuzkoako hamahiru herritako kideak batu gara gaur. Helburu batek elkartu gaitu: hautetsontziak kalera atera eta herritarren esku jartzea. Azaroaren 5ean gure herrikideei hitza ematera goaz: Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandion.
Ez gara hutsetik abiatzen. Bide luzea egin dugu. Hain zuzen, bidea bera jada garaipena da guretzat. Herritarren nahia eta borondatea azaleratzea, prozesu parte hartzaileen bidez, herritarrak protagonista sentitzea, etorkizuna gure esku dagoela irudikatzea. Elkarrekin. Ezin baita erabakirik gauzatu ezberdinen arteko elkarlanik gabe. Elkarlanaren eta adostasunaren bidetik izango da, ala ez da erabakirik izango.
Horregatik diogu, zailena ez dela erabakitzea, boto bat hartu eta kutxa baten sartzea, bere soiltasunean. Zaila, galdera pausatzea da, zaila prozesu osoa adostea da, zaila hautetsontziak kalean jartzea da. Hori da adostasuna eskatzen duena, elkarlana eskatzen duena, areriotzat hartu dugun hori herrikidea dela gogoraraztea eragiten diguna.
Igandean aukera bat daukagu herritarron eskubide zibilen alde egiteko, praktikaren bidez. Horregatik, gure auzokideei dei egiten diegu, boto papera eskuan, demokraziaren ariketa honetara etor daitezen. Parte hartzeak egiten gaitu herri, boto eskubideak herritarrak maila berean kokatzen gaitu eta, gure botoarekin, edozein dela ere, herritarron, herritar denon aldeko urrats handi bat egiteko aukera izango dugu igandean. Herri bezala, kolektibo gisa, aurrerapausu bat ematera goaz.
Erabakia gu gara. Herritarrok gara. Herritar ahaldunduak gara. Eta sentitzen hasiak gara etorkizuna gure eskuetan dagoela. Herritarrok gure geroaren protagonistak izan nahi dugu, ez ikusle soilak. Etorkizun hobeago bat eraikitzeko gure ekarpena ezinbestekoa da. Hori da XXI. mendeko demokraziak eskatzen duen erronka eta Euskal Herriak bere burua hor kokatu nahi du. Eta egunetik egunera bide horretan aurrera egiteko herritarrak beharrezkoak diren jarrerak eta gaitasunak bereganatzen eta barneratzen ari gara. Ez dezagun ahaztu, azaroaren 5ean gure herrietan emango dugun pausoa Euskal Herri osoan eman dezagun ari garela lanean. Euskal Herrian ere erabaki egin nahi dugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu erabakia gauza dadin. Eta erabakiko dugu.
Bidean aurrera goaz. Eta atzera bueltarik ez da. Aurrera Euskal Herria!