Abenduaren 9an Parisen burutuko den presoen aldeko manifestazioa aurkeztu dute

Aurreko ostiralean aurkeztu zen Leioan Ipar Euskal Herriko Bakegileek bultzatutako Abenduaren 9ko Pariseko manifestazioa. ETAren desarmea burutu zen hurrengo egunean iragarri zuten Bakegileek ekimen berria: “Orain presoak. Abenduaren 9an denak Pariserat” leloan bildu dutena.

Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu den ekimen honen harira, Bakegileen dinamikaren aurkezpena ari da egiten egunotan. Zabaldutako dokumentazioan gogoratzen dutenez, “2016an, azken 5 urtetan Euskal Herriko bake prozesuak bizi zuen blokeo egoeraren aurrean, gizarte zibiletik zetozen  hiru pertsonalitate (Michel Berhocoirigoin, Jean Noel Etcheverry eta Michel Tubiana) ETArekin harremanetan sartu ziren eta bere armategiaren ardura haien esku uzteko eskatu zioten”. Horren ondorioz, “ETAk armagabetze kontrolatu, ordenatu eta egiaztagarriaren zutik ezartzea hiru bakegileen esku utzi zuen”.

Horrela, 2016ko abenduaren 16an, gizarte zibilaren 5 pertsona ETAren “armategiaren %15a erabilezin uzteko lanari lotu ziren Luhuson”, baina “polizia frantsesak atxilotu zituen eta, tokiko biztanleriaren mobilizazio handiaren ondorioz, justizia kontrolpean aske gelditu ziren” horren ostean bake artisau gisa ezagutu izan direnak.

Sentsibilitate politiko guztietako Ipar Euskal Herriko 700 bat hautetsik, tartean parlamentari guztiek eta alkate gehienek, Frantziako Gobernuari “armagabetze prozesuan eta gatazkaren erabateko konponbidean inplikatzeko” eskatu zioten. Eskariari uko eginda, “elkarlan edo elkarrizketa oro ukatzen jarraitu zuten Frantzia eta Espainiako Gobernuek”, Bakegileen iritziz.

ETAren armagabetzea apirilaren 8an

Baionan, 2017ko apirilaren 8an, ehunka bakegilek ETAren armagabetze kontrolatu, ordenatu eta egaztagarria antolatu zuten. “Armagabetzearen egunean” 20.000 pertsona batu ziren urrats hori babesteko “eta gatazkaren beste ondorioei ere (elkarbizitza, biktimen aitortza eta erreparazioa, euskal presoen gaia…) aterabide bat aurkitu behar zitzaiola eskatzeko”.  Egun hartan, Frantziako Gobernua lehen aldiz Madrilekoaren inmobilismotik aldendu eta armagabetzeari ez zion oztoporik jarri.

Hurrengo egunean ezagutarazi zuten Bakegileek lanean segitzeko hartua zuten erabakia. “Jendarte zibilaren aktibazioa funtsezkoa izan bada ETAren armagabetzea burutzeko, horixe bera ezinbestekoa izango da bake prozesuaren hurrengo urratsak emateko” adierazi zuten. “Armagabetzea bake justu eta iraunkorreko etapa inportantea bada, presoen etxeratzea eta gatazka honek eragin dituen biktima guztien errekonozimendu, erraparazio eta egin beharreko egiak, eraiki beharreko elkarbizitzarako oinarrian kokatzen ditugu” esan zuten egun hartan. “Atal hauetan pausoak emateko garaia dela diogu” uste tutela ezagutzera eman zuten. Eta horretarako, presoen egoera desblokeatzeko mobilizazio handia Parisen antolatuko zutela iragarri zuten.

Presoen egoera desblokeatzea helburu

Pariseko abenduaren 9ko mobilizazioaren bitartez, presoei “aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien amaiera exigituko dugu, eragile sozial eta politikoen gehiengoak behin eta berriz eskatu duen bezala” diote Bakegileek. Eta horretarako, presoen hurbilketa Euskal Herrira eta elkarretaratzea, gaixorik dauden presoen askatzea eta baldintzapeko askatasunak eskuratu ahal izatea aldarrikatuko dute.

Gainera, mobilizazio horren ildotik, Bakegileek komunikazio haria zabaldu dute Frantziako Gobernuarekin eta presoekiko keinu esanguratsuak egin ditzala eskatu diote. Lehena, mugatua izanik ere, ezagutu berri da: 7 euskal presori DPS izendapena (hemengo lehen graduaren antzekoa) kendu zaie. Eta Nafarroako Parlamentuan ere, adierazpena onartu berri da, zeina herrialde horretako alderdi politiko gehienen (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta IE/Ezkerra) eta sindikatu guztien (CCOO, UGT, ELA, LAB, CGT, Steilas, Solidari) sostengua izan duen.  Hori nahikoa ez eta Frantzian zeharrean euskal presoak dauden presondegietako martxan abiatu zen iragan astean, 6an Parisera helduko dena. Paris inguruko kartzelak bisitatu ondoren, 9an batu egingo da martxa hau trenez eta autobusez Parisera joandako herritarrekin.

Euskal Herriaren arazoekin loturiko manifestaziorik handiena

Testuinguru esperantzagarri honetan helduko da abenduaren 9ko mobilizazioa Parisera. Tren oso bi eta ehundaka autobus abiatuko dira abenduaren 9ko goizaldean Parisera 11:30etan ailegatzeko eta 12:00etan manifestazio eta ekitaldi bat burutzeko. Tren biak beterik daude honezkero, antolatzaileek esan dutenez. Orain, kanpaina berria abiarazi dute herritarrak autobusez Parisera joan daitezen animatzeko. Izena emateko kartelak jarri dituzte hainbat tabernetan eta e-posta baten bitartez (a9paris@gmail.com). Diotenaren arabera, “Parisen inoiz egin den Euskal Herriaren arazoekin loturiko manifestaziorik handiena” burutuko da abenduaren 9an.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.