Zer berri? :: ‘Antipodetan’, EraBatera taldearen lehen diskoa

Talde izaera eduki arren, Gaizka Salazar da EraBatera proiektu berriaren bultzatzaile nagusia. Gatibun baketak astintzen aritzeaz gain, kanta zirriborroak pilatzen joan da azken urteotan bateria-jotzaile bilbotarra. Etxean eta mimo handiz landu ditu ideiok, biribilduz, estudio batean grabatzeko unea iritsia zela sentitu arte. Pauso honetarako, baina, bidaideen beharra zuen eta abestien maketak musikari lagun batzuei erakusten hasi zen, proiektura batzea proposatuz. Horrela gehitu ziren Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza. Lauren artean landu dituzte kantuak, bakoitzak bere ekarpenak eginez, gero Lorentzo Records eta Muxikon estudioetan grabatzeko.

Emaitza bederatzi abesti hauek dira, kideen beste proiektuen oihartzun urrunen bat eduki dezaketenak, baina era berean bide eta soinukera berriak lantzen dituztenak: Jurgiren ahotsa orain arte gutxitan jorratutako erregistroetan entzungo dugu, kantuen egiturarekin jolas egin eta intentsitate-garapen ederrak osatu ditu Gaizkak, Beñaten gitarrek protagonismo handia hartzen dute hainbat momentutan eta aipatzekoak dira Mikelen eta Gaizkaren beraren arteko baxu-bateria jokoak.

Kolaborazioek ere ukitu bikainak gehitu dizkiote albumari: Eñaut Gaztañagaren programazioak entzun daitezke diskoan zehar, Juan Alberto Batizen gitarra, Akatz taldeko haize sekzioa eta Ander Erzillaren saxoa adi ditzakegu diskoan zehar.

Azken finean indie-pop lasaietik rock alternatibora doazen bederatzi kanta dira. Zaila da gaur egun ezer berririk asmatzea eta, beraz, komeni da norberaren ukitua ez galtzea. Horixe dago hemen: osagai ezagunak euren erara nahastuak, beste “era batera”.


Laburrean

Egilea  EraBatera

Zenbatekoa  12 € (CD)

Formatua  MP 3/ CD

Hizkuntza  Euskara

Argitalpen-urtea  2018

Lizentzia  Copyright

Abestiak

1. Antipodetan (4:32)
2. Aurrez aurre (4:29)
3. Egun berria (4:56)
4. Oinak (5:16)
5. Eztanda (4:00)
6. Paktua (4:15)
7. Isilean (3:56)
8. Piztia destripatu (3:32)
9. Lehengo moduan (4:20)



Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude