Arrate Ilaroren aktibazio hitzaldia Euskaraldia ekimenaren barruan

Datorren ostegunean, hilak 19, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Errekalde Plazako Nagusien Etxean, Euskaraldiaren koordinatzaile Arrate Ilaroren hitzaldia egongo da. Ekitaldia Euskaraldia bultzatzen ari diren Leioako Udalaren eta Egun On! euskara taldearen artean antolatua dago.

Euskaraldia. 11 egun euskaraz ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean burutuko da. Ekimen honen helburu nagusia “euskal hiztunok garenok euskararen erabilera areagotzea da. Hots, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat” proposatu nahi dute Euskaraldia sustatzen dutenek.

Horretarako, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz egin dezagun bultzatu nahi dute . Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragiteko.

Nola egingo dugu?

Bi roletako bat hartzea 11 egunez proposatzen da: Ahobizi, hau da, ulertzen duenari euskaraz egiteko konpromisoa hartzea, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei, gainera, ehen hitza, gutxienez, euskaraz egiteko konpromisoa hartzea. Belarriprest, hots, euskaraz egiteko konpromisoa ulertzen duenari. Agian erdaraz erantzungo badio ere, euskaraz erantzutea nahi duena izango da Belarriprest.

Zer lortu nahi dugu?Helburu ezberdinak eskuratu nahi dira 11 egunez luzatuko den ekimenarekin: Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea; Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea; hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea; eta euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

Non egingo dugu?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dute Euskaraldikoek: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…

Horretarako, herriz herri antolatuko dira batzordeak, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartzea proposatzen dute ariketa honetan.

Nork har dezake parte?

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena. Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da. Belarriprest izateko euskara ulertu behar da. Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dute ekimenaren parte hartzaileek.

Eta bitartean, zer egin dezakegu?

Gure herrian eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har daiteke. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.

 
Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude