Artedrama, arte eszenikoen plataformak, bost urte eta erdiren ondoren agur esan dio Kultur Leioaren bere ibilbideari.
Hori jakinarazteko, gutuna bidali diete bai udalaren talde politiko ezberdinei zein beste zenbait elkarte eta komunikabideri. “Gure kanporatzea, udal gobernuaren erabaki politiko bat izan da, zeinarekiko ez dugun jaso asetu gaituen argumenturik”, adierazten dute bertan. Antza, jaso duten argudio bakarra “erabaki honekin antzerki talde egoiliarren programa ezabatzen dela Leioan, Eusko Jaurlaritzak orain dela urte batzuk bultzatutako bide estrategikoen aurka” izan da.
leihoa.info atariak jakin ahal izan duenez, Artedramak urriaren hasieran utzi zuen Kultur Leioa, baina duela 5-6 hilabete eduki zuen udalaren erabakiaren berri. Konpainiaren Ander Lipus aktoreak dioenez, “guk ez daukagu ezer gehiago esateko. Guretzat oso gauza polita izan da. Konpainia egoiliarren programan dauden gabezia legalak hor daude, eta horretaz baliatuta, benetako pausuak eman beharrean, talde egoiliar bat bere baldintza guztiekin onartzea baino, proiektu kultural estrategikoa izan litekeenarekin bukatu dute”. Borondate falta egozten diote egungo kultura zinegotzi eta gobernuari, eta azken batean, arte eszenikoen egoera eta beharren ezjakintasuna. “Ez da balorean jartzen egiten den lan soziokulturala”, Artedramakoen aburuz.
Arteadramari 2012ko otsailean eman zion babesa udalak Kultur Leioan. “Ordutik, herri honetako euskal sorkuntza eszenikoen motore izaten ahalegindu gara”, taldekoen ustetan. Horren lekuko dira 6 urtez jarraian antolatutako Kultur Maratila izeneko jardunaldiak, urterik urte ospe eta proiekzio handiagoa hartzen joan direnak. Hortik pasatu dira euskarazko literatura, musika eta antzerki ikuskizun ezberdinak. Artedramaren alde egitearekin batera, dirudienez, euskarazko kultur jardunaldi horiek ere badoaz Leioatik.
“Hasieratik jaso genuen orduko hautetsi politikoen onespena eta Kultura eta Gazteria Zuzendariaren laguntza, konpromezua eta babes ezinbestekoa” gogoratzen dute eta “izan ditugun lorpenekin pozik, Leioako ikuslegoarekin eskertuta, eta aldi berean bide honek izan duen bukaeraren pena eta ezintasunarekin”, badoaz Artedrama arte eszenikoen plataformako kideak gure herritik.