Basauriko espetxera biharko martxan eta urtarrilaren 12ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute

«Bihar egingo da Basauriko espetxera martxa. Herriko Udaletxeko Plazatik abiatuko da manifestazioa, 12:30ean.

Ekimen honen bitartez, antolatzaileek «euskal preso politikoen aurka aplikatu duten eta aplikatzen jarraitzen duten espetxe-politika salbuespenekoa, krudela, mendekuzkoa» salatu nahi dute. «Denbora gehiegi daramate espainiar eta frantziar kartzeletan, bakartuta, isolatuta, baldintzarik gogorrenetan» diote, «gatazkarik ez dela inoiz existitu esango dute, eta ez dela preso politikorik. Orduan zergatik aplikatzen dizkiete salbuespeneko neurriak? Jakin badakite legedia arrunta aplikatuta preso gehienak kalean egongo liratekeela. Nola edo hala hamaika gizon-emakumeren sufrimendua luzatzen dabiltza» adierazi dute martxaren bultzatzaileek.

Kalera Kalera ekimenekoek diotenez, euskal presoak «Urrunegi dauzkate. Espetxe politika aldatuko dela esan bai, baina presoen, lagunen eta senitartekoen bizitzekin jokatzen ari dira. Haien guztien sentimenduak, ilusioak eta beldurrak manipulatzen ari dira. Maltzurregi, zitalegi dihardute: presoak ez ateratzeko oztopo berriak asmatzen dituzte; era guztietako trikimailuak darabiltzate. Exijentzien langa etengabe igotzen dute presoen kaleratzea eragozteko».

Euskal Herriak «bakean eta bizikidetzan eraiki nahi du bere geroa», martxaren sustatzaileen esanetan. Horren aurrean, «Estatuetako hainbat aparatu tematu dira gatazka luzatzen, horrek Ebrotik behera etekinak ekarriko dizkielakoan; ez dute eskaintza demokratikorik herri honentzat; ez dute irtenbide baketsurik nahi. Azken batean, beldur diote herri honek bere geroa modu libre eta demokratikoan erabaki dezan. Horregatik dituzte kartzeletan, bahitu politiko modura, prozesua bera geldiarazteko».

Hori horrela, euren ustetan «presoen, iheslarien eta deportatuen aferari behingoz irtenbide bat emateko» garaia da;  «etxera ekarri behar ditugu guztiak, errepresaliatu politikoak dauden bitartean ez baita bake eta bizikidetzarik egongo». Eta horretarako «garrantzitsua kalera irtetea, sakabanaketarekin eta lehen graduarekin amaitzeko; gaixorik daudenak, hiru laurdenak beteak dituztenak eta edadetuak ateratzeko; iheslari eta deportatuak itzultzeko; guzti-guztiak etxera ekartzeko». «Mobilizatzen ez bagara estatuek ez dute urratsik emango», diote. Eta horrexegatik biharko Basauriko espetxerainoko Martxan zein urtarrilaren 12ko zita garrantzitsuan parte hartzeko gonbidapena egiten diete herritarrei.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.