Beste herrialdeetako haurrak aldi baterako hartzeko diru-laguntzen deialdi berria

Garapen-bidean dauden edo zuzenean edo zeharka hondamendiren bat izan duten herrialdeetako haurrak aldi baterako hartzeko diru-laguntza deialdi berria atera du Leioako Udalak. Adibide moduan, Sahara edo Chernobileko umeak uda garaian hartzen dituzten familia leioaztarrak deialdi honetara aurkeztu izan ohi dira.

Bi modalitate ezartzen dira: bata, Leioako pertsonei edo familia-unitateei aldi baterako harrerako ekintza solidario eta humanitarioan laguntzeko eta bestea, helburu horrekin programak kudeatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteei laguntzeko.

Harrera egiten duten pertsonek edo familia unitateek egingo dituzte harrerarako izapideak, EAEn behar bezala erregistratuta dauden eta aldi baterako hartzeko mota horretako programak sustatzen dituzten elkarteen bidez; elkarteek gutxienez urtebeteko esperientzia eduki beharko dute.

Leioaztarrek hamabost egun dituzte mota hauetako elkarte batekin harremanetan jartzeko eta dirulaguntza hau eskuratzeko. Eskariak Herritarrenganako Arreta Zerbitzuetan edota udal Gizarte Zerbitzuetan egin daitezke.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude