Datorren igandean, Uribe Kostako presoen aldeko Martxa burutuko da

Datorren igandean, irailaren 23an, Uribe Kostan zeharreko presoen kaleratzearen aldeko martxa burutuko da, Kalera dinamikak bultzatua. ‘Urratsez urrats martxan, denak kaleratu arte’ jarri diote goiburu antolatzaileek martxa honi. Hain zuzen ere, eskualdeko hainbat preso daude 20 urte baino gehiago daramatenak kartzelan, eta preso guztien kaleratzea aldarrikatuko dute ekimen honen bidez.

Martxak bi zutabe izango ditu. Bata Astrabudutik abiatuko da goizeko hamarretan eta bertatik Leioako Udondo plazara 10:15ean helduko da. Leioako Luis Libano, Bulebarra, Sabino Arana eta Langileria kaleak zeharkatuko ditu ondoren, Erromoko ia mugan dagoen beira-putzgilean Erromoko jendearekin bat egiteko goizeko 11:00etan. Martxa Algortara 12:15ean helduko da Telletxera eta 13:30erako Berangora ailegatzea aurreikusita dago.

Beste zutabea Plentziatik abiatuko da goizeko 10:00etan ere. Urdulizera 11:15erako ailegatzea aurreikusten dute antolatzaileek, hortik Sopelara joateko. Sopelan 12:15ean egotea espero da. Eta Berangora 13:30erako ere heltzea aurreikusi dute.

Berangon burutuko da bukaerako ekitaldia, arratsaldeko 14:00etan hasita. Ostean, arratsaldeko 15:00etan, herri-bazkaria egongo da herriko frontoian. Tiketak salgai jarri dituzte Kurkudi Herriko Tabernan, 10 €ren truke.

Bazkariaz gain dantzariak, trikitrilariak eta elektrotxaranga bat arituko dira eguna alaitzen.

Antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte euskal preso politikoekiko elkartasun-martxa honetan eta aipatu lekuetan azaltzera eta Berangoko ekitaldi eta bazkarian parte hartzera, «euskal preso guztien kaleratzea eta errefuxiatu eta deportatuen itzultzea ozen aldarrikatu behar baitugu ahalik eta azkarren denak kalean, gure herrietan, egon daitezen. Hori lortzeko, herritarron mobilizazioa ezinbestekoa da».



Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude