Debekuen gainetik, Maiatzaren Lehenean Iruñeko kaleak masiboki hartzeko deia egin du LABek

LABek prentsaurrekoa egin du gaur Maiatzaren Lehenean egingo dituen mobilizazio eta ekimenak aurkezteko, Iruñea eta Baionan egingo dituenak. Imanol Karrera Nafarroako eledunak eta Maider Jauregi komunikazio idazkariak hartu dute parte bertan. Imanol Karrerak azaldu du 12:00etan egingo duela LABekHego Euskal Herriko mobilizazioa, eta ekitaldia Iruñeko Gaztelu Plazan izango dela. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak LABen sei manifestaziotik hiru debekatu ditu, orden eta bake publikoa zapuztu, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarri eta bizikidetza normal garatzea eragotziko duela argudiatuz. “LABek ez du M1 despolitizatu eta folklorikoa onartzen, ezta onartuko ere” adierazi dute sindikatuaren ordezkariek. Hori dela eta, masiboki kalera ateratzeko deia egin dute.

Mobilizazioak bost zutabe  izango dituela zehaztu du Karrerak, “bost kolektibori dagozkionak: lantokietako gatazkak, feministak, langile migranteak, gazteak eta pentsionistak. Sektore guzti hauek langile klasearen barruko aktoreak dira gizarte-aldaketarako prozesu baterako” bere hitzetan.

Mobilizazioek debekuak izan dituzte, eta, horregatik, hasierako planteamenduan aldaketak egin behar izan dituztela adierazi du Karrerak. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Iruñeko Hiri-Segurtasuneko Sailak orden eta bake publikoa zapuztea argudiatzen dute, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarriz, eta baita bizikidetza normal garatzea ere hiria kolapsatuz.

Karrerak adierazi du “langile-klasea kalean egoteak, Maiatzaren Lehena bezalako egun seinalatuan, antza, sistema gogaitu egiten du. Aldarrikapen laboral eta sozial anitzen presentziak gogaitu egiten du sistema, borroka sindikalak gogaitu egiten du”. Hala, LABeko ordezkariak nabarmendu du “sistemak gero eta tresna gehiago dituela bere eskura: mozal legea, ordenantzak eta, oraingoan egin bezala, debekuak; hori guztia, gogaitu egiten duen guztia eragotzi ahal izateko”.

“Maiatzaren Lehenaren despolitizazio eta folklorizazioaren aurrean, LABek dei egiten du kalera ateratzera. Gaur, inoiz baino gehiago, honakoak aldarrikatzeko. Batetik, gure klase izaera; Maiatzaren Lehenaren garrantzia aldarrikatzea borroka eta mobilizaziorako egun bezala”. Eta bestetik, gazteak, ikasleak, pentsiodunak, langabezian dauden langileak, feministak, migranteak, etxeko langileak, borrokan ari diren langileak, prekarietate modu berriak jasan behar dituzten langileak (ustezko autonomoak, bekadunak, azpikontratetako langileak…). Benetako mehatxua gara sistemarentzat, aliantzak sortu eta gure borroka guztiak artikulatzeko gai bagara, gai izango baikara jendarte eraldaketa bultzatzeko. Ez dituzte gure borrokak ez gelditu ez isilduko. Elkar ikusiko dugu Iruñean Maiatzaren Lehenean”, amaitu du Karrerak.

Uribe Kostatik autobusak

LAB sindikatuak autobusak antolatu ditu Uribe Kostatik Iruñeko mobilizaziora joateko. Autobusak Plentziatik irtengo dira, Sopela, Algorta, Erromo, Leioa eta Erandiotik pasatuz nafar hiribururantz abiatzeko. Prezioa 5 € dira.

Leioan Kurkudin jarritako zerrendan eman daiteke izena edota 94 467 01 56 telefonora deituz, goizeko 9:30etik 13:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Azken eguna, apirilaren 26an, ostiralean, izango da.

Itzulera Iruñetik arratsaldeko 18:00etan aurreikusita dago.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude