EAJ/PNVren eta PSEren arteko gobernu-ituna berretsi dute

Leioako Alderdi Jeltzaleak eta Alderdi Sozialistak gobernu-ituna egin dute berriro “azken hauteskundeetan leioaztarrek itun hori onetsi egiten dutela egiaztatu ondoren”. Adierazi dutenez, Gobernu-talde hark “zeharkako akordioa lortu nahi izan zuen bestelako formazio politikoekin auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko”.

Akordioak bai Informazio Batzordeak, bai Osoko Bilkurak goizeko ordutegian egitea aurreikusten du, orain arteko arratsaldeko ordutegia albo batera utziz, “batez ere, zinegotzien eta udaleko pertsonalaren lan eta familia-bizitza bateragarriak izan daitezen laguntzeko, eta horrela errazagoa izan dadin udal teknikariak bilera horietan egotea”.

Honez gain, Informazio Batzordeen kopurua gutxitu egin dute, hemendik aurrera hiru makrobatzorde eta legediak aurreikusten duen Kontuen Batzorde bereziaz gain izango direlarik. HIru makrobatzordeak Antolakuntzarena (bertan idazkaritza, gobernu irekia, barne araudia, kontu-hartzailetza, ogasuna, ondarea, giza baliabideak eta herritarren segurtasuna kokatuz), Herritartasunaren (gizarte ongizatea, osasuna, animalien babesa, pertsona nagusiak, garapenerako lankidetza, berdintasuna, hezkuntza, kultura, kirolak eta hizkuntza politika bere baitan batuz) eta Lurraldetasunaren (non hirigintza, etxebizitza, obrak, zerbitzuak, mugikortasuna, ingurumena eta ekonomia garapena kokatuko liratekeen). Antolaketa eredu berriaren bitartez , alderdi hauen hitzetan “berorien garapenean bizkortasun eta eraginkortasun handiagoa lortu nahi da, Leioatik gertu dauden udalerrietan emaitza onak izan direla ikusita”.

Alderdi bien arteko hitzarmenak arlo bakoitzeko zinegotzi ordezkariak zehazten ditu ere, iraileko osoko bilkuran berretsi beharko badira ere. Proposamenaren arabera Estíbaliz Bilbao (EAJ-PNV) Soinu Atadia Erakunde Autonomoko Presidentea izango da, Javier Atxa (EAJ-PNV) Ekonomia Sustapena eta Garapena, Formakuntza eta Enplegua arlokoa, Enara Díaz Oyarzun (PSE) Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Berdintasun arlokoa, Pedro Arceredillo Buruaga (PSE) auzoetako zinegotzi ordezkaria eta Ugaitz Zabala Gomez (EAJ-PNV) Euskararen Erakundea Erakunde Autonomoko presidentea.

Berrikuntza honek, PNV eta PSEren arabera “enplegua sortzea, ekonomia suspertzea, zerbitzu publikoak kalitate- eta unibertsaltasun-parametroetan mantentzea eta oraindik ekonomia egoeraren hobekuntzarik nabaritzen ez duten kolektiboekiko behar-beharrezkoa den elkartasuna” ditu helburu. Sinatutako akordioan alderdi biek “Leioa pertsonak politika publikoen ardatz nagusitzat hartuta eraikitzeko, denek kalitate oneko zerbitzu publikoetarako sarbidea izan dezaten, inor atzean geratu gabeko konpromisoa” adierazten dute. Horrela, ahaleginen helburua, diotenez, “herritarrei ahalik eta bizi-kalitate onena ematea izango da, eta horretarako, enplegu-, etxebizitza-, kultura-, hezkuntza-, osasuna-, eta aisialdi-aukera gehiago eta hobeak sortzea, Leioa bidezkoago, solidarioago eta euskaldunagoan”.

Agintaldi honetan heldu behar zaien proiektu nagusien artean, PNV eta PSEren ordezkariek azpimarratzen dituzte udal-plangintza eguneratzea “partaidetzarekin eta ahalik eta adostasun handienarekin”, Pinuetan plan berezi bat oinezkoentzat eta aparkatzeko eremua handitzeko, Artatzagana edo Basaez auzoetako konexioak hobetzea, San Juan, Ikea Mendi, Iturribide edo Kandelazubieta aldeetako irisgarritasuna hobetzea, Lamiakoko dartsena eta ibai ondotik doan errepidea oinezkoentzako eta txirrindularientzako berreskuratzea eta herriko erdigunea berritzen jarraitzea. Honez gain, “Abantzadaren gaur egungo trazadura hobetzea edo hautabide bat bilatzen jarraitzea, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraitzea Barandiaranen institutu bateratua eraikitzeko eta Torresolon kiroldegi berria egitea, Sakonetako gaur egungoa ordezkatuko duena”.

Bestalde, alderdi biek “gizarte laguntzak hobetuz gizarte-babesaren maila hobetzen jarraitzeko” konpromisoa adierazi dute, “bereziki kalteberak diren eta baliabide gutxien dauzkaten pertsonak zainduz, oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta beren programak sendotuz, beste erakundeekin elkarlanean”. Ildo honetan, pertsona nagusientzako etxez etxeko laguntza-zerbitzua hobetzeko asmoa dute eta bakardade egoerak antzemateko Programa 70 urtetik gorako pertsonentzat abian jarriko dute, nagusien zahartze aktiboa lortzeko inbertituko dute haien bizi-kalitatea hobetzeko eta udalerriko Pertsona Nagusientzako Zentroei laguntza ematen jarraituko dute. Era berean pertsona etorkinen integrazioa hobetzeko lan egingo dute, II. Immigrazio Plana martxan jarriz eta Zurrumurruen aurkako Sarea indartuz. Tokiko paktoak, sinatzaileen arabera, aukera-berdintasuna “Gobernu talde berriaren agenda politikoaren lehen mailan mantentzearren” egingo du lan, IV Berdintasun Planaren bitartez eta emakumeen Ahalduntze Eskola sortuz”.

Tokiko Gobernuak gune eta parke berriak sortzea ere aurreikusten du, “hala nola Arriena eta Leiunti parkeak eta Lertutzako urtegia”, horrela, “Leioako eraztun berdea osatuko duten oinezkoentzako bideen sarea eginez”. Leioagoitia baserria ere birgaitzea eta “erabilera soziala” ematea planteatzen dute, “udalerriko elkarteentzat beharrezkoa den espazio berria sortuz”. Azkenik, “Artatza Jauregia udalari laga zaiola eta herritarrentzat zabalik egongo den zentro sozial eta kultural moduan erabiliko duela” gogoratzen dute PNVk eta PSEk haien akordioan.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude