EH Bilduk gazteek etxebizitza alokatzeko laguntzei buruzko proposamena aurkeztu du

EH Bildu Leioaren Udal Taldeak proposamen zehatza aurkeztu du 2018ko aurrekontuetan onartutako 50.000 €ren diru-partida banatzeko herriko gazteek etxebizitza alokatzeko dirulaguntzetan. Deialdiaren xedea, talde subiranistaren ustez, “gazteek emantzipazio aukerak izatea” izango litzateke, “egun Leioako etxebizitzaren prezioei erreparaturik eta gazteen egoera ekonomikoa ezaguturik, gazte gehienentzat etxebizitza duin bat eskuratzea ezinezko egiten baitzaie”. Horrexegatik proposatu dute herriko eremu guztietan “alokairu araubideko etxebizitza batetara sarbide izatea sustatzeko diru-laguntza hau martxan jartzea”.

Horrela, laguntza hauen helburua Leioan bizi diren gazteen ohiko etxebizitzaren errenta zati bat ordaintzen laguntzea izango da, EH Bilduren proposamenaren arabera. Horretarako ezkerreko talde subiranistak proposamen zehatza egin du eskatzaileek bete beharreko baldintzei dagokienez.

Bere proposamenean jasotzen denez, 18-35 urtekoek jaso ahalko lituzkete dirulaguntzok, betiere Leioan urtebetez gutxienez erroldatuak badaude, eta alokairuan duten etxebizitza batetan bizi badira. Gainera, laguntza mota hau 5 urtez jaso ahalko dute, eta urtero aztertuko da horren zenbatekoa, eskatzaileen diru sarreren araberako kopurua zehazteko. Ordaintzen duten alokairua ere ezin izango da 900 € baino handiagokoa izan. Azkenik, bizikidetza-unitateek diru-sarreren gehienezko mugak ere izango lituzteke: 25.000 € gordin urtean, kide bakarrez osatua balego eta 39.000 € gordin urtean, bi pertsonek edo gehiagok osatuko balute.

Familia-unitatearen diru sarrera gordinak kontuan hartuta horien arabera alokairuak suposatzen dien kostoa kontuan hartuta emango litzaiekeen diru-laguntza txikiena 180 € hilerokoa izango litzateke eta 450€ hilero handiena, EH Bilduk egin duen proposamena onartuko balitz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude