EH Bilduk ikasteko gelei eta ume-jolaslekuen estaltzeari buruz galdetu du

Alkatesak ez du uste Liburutegiaren ikasteko gelak maiatzerako prest egongo direnik I Hirigintza zinegotziak kontratu publiko berrien legea indarrrean sartzeari leporatu dio jolaslekuen estaltzearen atzerapena

EH Bilduren bozeramaile Aritz Tellituk ikasketa garaian Udal Liburutegiaren gelak ikasteko asteburuetan zabaltzearen inguruan galdetu zuen azken Plenoan. Tellituk ikasleen azterketa garaiak hurbiltzen ari direla, oposaketa deialdiak ere badaudela eta horren harira Udal Liburutegiaaren ikasgelak noizko egongo diren asteburuetan zabaltzeko prest jakin nahi izan zuen. Horretaz gain, hurrengo batzordean horren gainean eztabaidatzea eskatu zuen, datak gainean egongo baitira Aste Santuaren bueltan.

Herriko alkatesa Mari Carmen Urbietak horixe berretsi zuen, hots, hurrengo Batzordean kronogramaz hitz egin ahalko zela, baina bere ustez maiatzerako ez direla prest egongo adierazi zuen, Liburutegiaren espazioak egokitu behar baitira.

Jolasleku estaliak

Bestalde, EH Bilduk umeen jolaslekuen estalkiak noizko egongo diren prest ere galdetu zuen azken udal osoko bilkuran, eta ea Lamiakon horrelako estalkirik egiteko pentsatua dagoen eta noizko egon litekeen prest jakin nahi izan zuen.

Hirigintza alorreko arduradun Iban Rodríguezek adierazitakoaren arabera, proiektuak eginda daude, zehazkiago, proiektuak prest dituztela jolasleku bi estaltzeko adierazi zuen, baina orain dela gutxi indarrean sartutako Estatu mailako kontratazio publikoaren lege berriaren ondorioz atzeratu direla lanok esan zuen. Aipatzen zuen Estatuko Kontratu Publikoen Legea Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren bi Direktibaren edukien trasposizioa egiten du, eta iragan martxoaren 8an sartu da indarrean.

Tokiko hirigintza zinegotziak gaineratu zuenaren arabera, urtero bi jolasleku estaltzaeko asmoa du tokiko Gobernuak.

2017ko maiatzaren 25etik ekainaren 16ra bitartean Udalak prozesu bat jarri zuen martxan Euskal Etxeen Plazaren eta Txorierri Auzoko ume-jolaslekuetan jarriko zen estalki-mota erabakitzeko. 358 pertsonak hartu zuen parte aipatu prozesuan, nahiz eta 40 lagunek emandako bozka baliogabetu ziren, errepikatuta egonagatik, biztanleen Erroldan NAN hori ez izangatik edota NAN ez baliagarria izanagatik. Ordutik ez da ezer jakin aipatu jolasleku horien estalketa-lanei buruz, azken urteotako negu euritsuentako bat jasan izan behar delarik.

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude