EH Bilduk Jokin Ugarte aurkeztuko du alkategai larunbateko Osoko Bilkuran

EH Bildu Leioak datorren larunbatean izango den Udal berriaren Osoko Bilkuran  Jokin Ugarte alkategai gisa aurkeztea erabaki du.

Egin berri diren udal hauteskundeetatik “hilabete erdia igaro ostean, EH Bildu, Leioako bigarren indar politikoa izanik, ez du jaso hauteskunde horiek irabazi zituen EAJ/PNV alderdiaren aldetik inongo deirik haien asmoen berri emateko”, adierazi du talde subiranistak.

Oharrean diotenez, “badakigu zein hautu politiko orokor egin duen alderdi horrek. Baina, unean uneko norberaren hautuen gainetik, Leioak baditu arazo larriak, Udal Gobernuan egon daitekeen alderdien eta oposizioan egongo direnen arteko adostasunak bilatzea eskatzen dituztenak: Avanzadaren egoera eta bera estaltzeko lana, Lamiako eta Txopoetatik igarotzen den Metroa lurperatzekoa, Kiroldegi berria… hiru adibide baino ez dira”, talde honen arabera. Gainera, Bilduren ustez, “alderdi gehienok, eta herritar gehienak ere, bat gatoz, eta ahalik lasterren konponbideak eskatzen dizkigute”.

Bilduk PNVrekin dituen ezadostasunak ere gogoratzen ditu: Dominiken komentuan kirol klub paribatua eraikitzeko proiektua, herriko erdialderako prestatu duen eraldaketarako proiektua….

Gainera, EH Bilduk “udal hauteskundeen emaitzek utzitako errealitate berriak, era askotako akordioak posible egiten dituela” adierazten du, eta EAJ-PNVri “elkarrizketarako gaitasunik eza” leporatzen dio. Bilduk badaki “gure programek gauza batzuetan bateraezinak direla”, eta horregatik, “Leioan bestelako aukerak aztertzea erabaki dugu”. Zehazki, “aurrerakoi gisa definitzen diren PSErekin eta Podemosekin jarri gara kontaktuan, balizko adostasun programatikoak aztertzeko asmoz”.  Hori dela eta, EHBildu Leioak eta Podemosek kontaktuak mantendu dituztela, “baina PSEk biltzeari uko egin dio, alderdiak akordietarako PNV aukera bakartzat duelako”, azaldu du talde subiranista.

Dena den EH Bilduk “adostasunak bilatzeko prestasuna azaldu du udal hauteskundeen kanpainan eta horrela jarduteko asmoa du”, dioenez. “Prest gaude gure herriak dituen arazo garrantzitsuenen aurrean akordio zabalak bilatzeko eta, ezadostasunak baleude, herritarren iritzia herri kontsulten bidez ezagutu eta adierazitakoa onartzeko”. Bilduk, horren adibide gisa Leioako erdigunearen eraldaketarako proiektua jartzen du, “eztabaida publiko eta herri kontsultaren bitartez erabakitzeko”.

Asmo horrekin jardungo dutela dio EH Bildu, “Gobernuan egongo den edo diren alderdiekin zein oposizioan egongo direnekin, beti ere gure herriaren beharren zerbitzuan eta leioaztarren parte hartzea eta haien iritziak ezagutzeko eta errespetatzeko asmotan. Horretarako, noski, herritarrek aukeratutako alderdiekin ere hitz egiteko eta akordioak erdiesteko ahaleginak egiteko prest gaude, aurreko agintaldian egin dugun bezalaxe. Konsziente izanik gure indarrez, baina baita ere, gure herriak duen aniztasun politikoaz eta hauteskundeek zabaldu duten egoera berriaz”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude