Ekainaren 10eko Giza-katean izen-emate masiboa Leioan

Ekainaren 10ean Donostia-Bilbo-Gasteiz lotuko duen Giza-katea motorrak berotzen ari dira. 100.000 herritar behar direla katearen 201,9 kilometro lotzeko adierazi du Gure Esku Dago ekimenak. Eta herriz herri ari dira tokiko taldeak horri begirako lana egiten.

Leioan izen-ematea motel, oso motel hasi bazen ere, azken egunetan herritar nahikotxok eman ditu datuak Leioari egokitu zaizkion kilometroetako batetan parte hartzeko. Hala ere, Leioako Gure Esku Dago taldetik helburura heltzeko oraindik ehundaka herritar falta direla adierazi dute.

Horregatik, duela bi aste bilera berezia antolatu zen herriko taldearen eta horretan laguntzeko prest zegoen hainbat lagunen artean, eta hainbat eginkizun banatzen hasi ziren: senide, lagun eta ezagunen artean ekainaren 10eko giza-katearen berri ematea eta jendea animatzea izena eman dezan, propaganda jarri herriko kale eta bestelako lekuetan, eta abar.

Hori bere fruituak ematen hasi dela esan daiteke. Izena eman dutenen kopurua handitzen joan da. Hala ere, oraindik herritar asko falta dira behar den kopurura -1.000 herritar, bai, MILA- heltzeko. Baina Gure Esku Dagoren kide eta laguntzaileek ez dute etsiko hemendik eta ekainaren 10era arte Leioatik Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Giza-kateari merezi duen ekarpena egin dakion.

Horregatik, Leioari dagozkien 166 eta 167 kilometroak jendez lepo bete daitezen eta autobusez Zuiaraino joan daitezen lanean jarraitzen dute. Gaur, maiatzak 30, eta bihar, maiatzak 31, Sabino Arana kaleko 65. zenbakian dagoen Gure Esku Dagoren lokalean egongo dira inskripzioak egiten, arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara. Eta ekainaren 1ean, 2an eta 3an, arratsaldeko 17:00etatik 21:30etara egongo da zabalik beraien lokala, izen-emateak jasotzeko prest,

Bien bitartean, duela bi egun zabaldutako giza-katearen inguruko bideoklipak, Aneguria eta La Basu kantari aritzen direnak, 30.000 bisita baino gehiago izan ditu egun bakarrean. “Aske” jarri diote izenburu eta rap erritmoarekin kanta eta bideo ederra ekoitzi dute.

Izen-ematea, beraz, hemen klikatuz edota Gure Esku Dago Leioak Sabino Arana kaleko 65. zenbakian duen lokalean norberaren datuak emanez egin daiteke.

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude