Udalaren osteguneko Osoko Bilkuran erabakitzeko gairik ez

Nahiz eta Udalbatzaren ohiko osoko bilkurara dei egin duen Mari Carmen Urbieta herriko alkateak, ez da oso ohikoa izango bihar ostegunez, arratsaldeko 19:00etan lehen deialdian eta 20:00etan bigarrenean burutuko den bilkura.

Arrazoia sinple bezain harrigarria da: ez da erabakitzeko punturik egongo, abenduan egin zen ohiko Bilkuraren akta onartzea kenduta. Ez hirigintzan, ez kulturan, ez kirolean, ez… Ez da erabakitzeko ezer egongo.

Beraz, Udalbatzaren punturik garrantzitsuena 2017ko abenduaren 21etik 2018ko urtarrilaren 17ra arteko Alkatetzaren dekretuen jarraipena egitera eta galderak planteatzera mugatuko da bilkura, premiazko moziorik ez badago behinik behin. Halakorik ez da iragarri orain arte, leihoa.info agerkariak jakin izan duenez. Dekretuak, aitzitik, bai, askotxo dira, 154.

Osoko Bilkura azkarra izatea biharkoa, beraz, espero izatekoa da, dekreto bidez erabakitako ezertaz ez bada galdetzen edo eztabaidatzen behinik behin.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude