Elkarrizketa: “Inork ez du bere herrialdea uzten migranteen baldintza kaskarretan bere borondatez”

Mugak Zabalduz Karabanan izandako Leioako hiru emakume gazteren esperientzia: Lierni Quesada, Amaia Santo Tomás eta Sara Cormenzana

Lierni Quesada (21 urte, Medikuntza ikaslea), Amaia Santo Tomás (20 urte, Medikuntza ikaslea), Sara Cormenzana (20 urte, Fisioterapia ikaslea) eta Amaia López (24 urte, Irakasle ikasketak eginak) lau emakume gazte leioaztar dira, Mugak Zabalduz Karabanarekin Italian (Ventimiglia, Sizilia eta Calabria) ibili dira aurten. Iaz, horietako bat Europako hegoaldeko mugara, Melillara egindako bidaian ere ibili zen.

Lehenengo hirurekin bildu da leihoa.info beraien esperientziaren berri izateko. Hona kontatu digutena.

leihoa.info: Zenbat pertsona egon zareten Mugak Zabalduz Karabanan, noiztik noizera ibili zareten bidaian eta zer moduzko giroan murgilduta ibli zareten kontaiguzue, mesedez.

L.Q.-A.S.T.: Euskal Herritik 127 pertsona joan gara, gutxi gora behera, baina Estatukoekin batera 300 pertsona edo izan gara Karabanan. Bilbotik abiatu ginen uztailaren 13an eta 23an itzuli ginen. Giroa oso polita izan da, pertsona oso anitzak, toki ezberdinetakoak, ideologikoki ere oso anitzak, baina borroka amankomun batekin. Honek azkenean batu gaitu eta elkarbizitza erraztu du.

leihoa.info: Zergatik aukeratu zenuten Italiara joatea aurten?

A.S.T.: Azken urteotan Italiak paper garrantzitsua hartu du migrazioei dagokienez, bere kokapen geografikoagatik besteak beste, migrazio fluxu handi bat jaso duelako. Azken hilabeteotan egin den mugen kanporatzean, Frontexen parte hartzea ahalbidetu du,  Italiak ez ezik Europar Batasunak ere muga hori Libiara mugitu nahi izana atxiloketa zentro ezberdinak eraikiz, horrela Libiatik migranteen irteerak oztopatuz, Italiara heldu ez zitezen. Horretaz gain azken hauteskundeetan izan den muturreko eskuinaren (Iparraldeko Liga eta Bost izarren Mugimendua) garaipena gertatu denez uste genuen eskenatoki ezin hobea zela gure salaketa egiteko.

leihoa.info: Zeintzuk helburu zenituzten Karabanarekin?

S.C.: Karabana, azken batean, ekimen politikoa zen, eta helburuak migranteen egoera salatzea, dagoen egitura guzti hori (Frontex, migranteak sartzeko zentroak…) ikusgarri bilakatzea eta gure presentzia bertan ikustarazita hango jendea ere informatzea eta arazoa planteatzea.

leihoa.info: Kontatu apur baten egindako ibilbidea.

A.S.T.: Bilbotik Gironako Salt herrira joan ginen, eta bertan ekitaldi bat egin genuen, migranteen oso indize altua duen herri bat delako eta bertan lanean dabiltzan elkarte oso interesgarriak daudelako. Bertan, gainera, Estatutik zetorren gainontzeko jendearekin batu ginen eta gauez, muga franko-italiarrean dagoen Ventimigliarantz abiatu ginen. Handik Genovara joan ginen itsasontzia hartzeko. Ferrian Palermora, Siziliako hiriburura, heldu ginen. Palermon egun bat pasatuta Cataniara joan ginen, 3 gau bertan igaroz. Handik Riacera abiatu ginen, Calabrian dagoen herrixka batetara. Eta handik Bartzelonarako itsasontzia hartzera jo genuen, Civitavechiara.

leihoa.info: Karabanan %70 emakumezkoak izan zarete eta, gainera, karabana feministatzat jotzen zenuten. Zer esan nahi zenuten horrekin?

A.S.T.: Kolektiboaren zati handiena ginen emakumeen aldeko aldarri hori egitea beharrezkoa ikusten genuenok eta, horretaz aparte, migrazio prozesuetan ere, emakumeak bereziki zaurgarriak direlako. Migrazio bide ezberdinetan emakumeen salerosketa sare ezberdinei men egin behar izan ohi diete eta batzutetan, migranteen ideia gure buruan sortzen dugunean  emakumeen aurpegiak ez direlako azalaratzen, baina emakumeak ere migrazioen subjektu dira eta uste dugu haien ahalduntze prozesua indartu eta ikustarazi beharra dagoela.

leihoa.info: Palermon politika xenofoboen salaketa egin zenuten eta hango alkatearen hitzaldia ere entzun zenuten.

S.C.-A.S.T.: Bai, manifestazio bat egin genuen, eta gero hango alkatearen hitzaldia egon zen. Palermo harrera hiria izateko asmoa duela, Italiako Gobernuak eta Europar Batasunak inposatu nahi dituen migranteekiko politika zapaltzaileen kontra egin nahi zutela eta haien portua irekita mantendu nahi zutela adierazi zigun (handik, esaterako, Gazarako itsasontziak abiarazi ziren).

Amaia Santo Tomás, Lierni Quesada eta Sara Cormenzana.

 

leihoa.info: Catanian CARA, migranteen zentro handia dago. Horko migranteek “lana aurkitzea da gura dugun bakarra” adierazi zizueten. Esan daiteke Europara heltzen diren migranteen helburua bere herrian bizi ezin diren baldintza batzuen bila datozela gure artera?

A.S.T.-S.C.: Erabat. Esan daiteke inork ez duela bere herrialdea baldintza horietan uzten bere borondatez. Patera batera igotzen badira da beraien herrialdean ezin direlako egon. Gainera, herrialde horietako gatazken ardura handia Europar Batasunarena da. Azken batean, gura dutena da era duin batean bizi, eta horretarako, lan egiteko aukera izatea. Eta ezin dute lanik eduki ez dutelako paperik. CARA de Mineon, esaterako, paperen zai daude. Eta hori ezean, ezin dute haien bizitza aurrera eraman. Euren inguruan zegoen estigma eta arrazakeria handia zen, kontatzen zigutenagatik. CARA de Mineotik hurbilen dagoen herria 6 km-ra dago, gune isolatua da eta hortik mugitzeko zailtasunak dituzte. Ustez atera daitezke gune horretatik, baina dirurik ez dutenez bada ezinezkoa da. Egunean 2.5€ ematen diete, baina truke-txarteltxo moduko batean bere identifikazioarekin eta epe-mugarekin. Jateko edota familia deitzeko (hilean behin edo) eskanerra pasatu behar dute, euren txarteltxo horretatik deskontatuz. Azken batean, ez dute autonomiarik, ez askatasunik mugitzeko ere. Euren “dirua” CARAn bertan soilik gastatu daiteke.

leihoa.info: Zergatik diozue Europar Batasuna dela migranteen jatorriko herrialdeetan dauden gatazken erantzule nagusietako bat?

A.S.T.: Bada, Euskal Herrian bertan, Bilboko Portutik egon direlako armak esportatzen, Saudi Arabiarrera eramateko eta arma horiek Yemenen egindako bonbardaketetan erabiliak izan dira. Gure inguruan ere badaude enpresa ugari misilen softwarra sortzen dutenak. Azken batez, armak hemen sortzen direlako hegoaldeko herrialde horietan erabiltzeko. Beste alde batetik, nekazaritza arloan, askotan migrazioak miseria gorriak eragindakoak dira, nekazal-guneak nazioarteko enpresa handien esku geratu direlako, mehategiak direla edo haien intereseko nekazal ekoizpena bultzateko.

leihoa.info: Beste bi ekimen ere egin ziren: hilerri batetara bisita eta Cataniako portuan salaketa ekintza.

S.C.-A.S.T.: Azken honetan egin genuena izan zen gorputza gorriz margoztea, karetak jarri eta portu aurrean egon ginen gure aldarrikapenak egiten. Hor ere badago Zentro bat (Hotspot edo “puntu beroa” izenekoa) bat non heltzen diren migranteak egoten diren 72 ordu baldintza nahiko prekarioetan. Esaten ziguten hor berrehunda hogeitahamapiku lagunentzeko kabida dagoela eta momentu horretan 400dik gora zeudela, horietatik 100 MENA kolektibokoak, hots, bakarrik (nagusirik, familiarrik gabe) heldutako adingabekoak (0-17 urte bitartekoak). Han tarte batez egon behar dute beste zentro batetara desplazatuak izan arte.

leihoa.info: Nola ikusi duzue Italiako jendartearen jarrera zuekiko eta migranteekiko. Nabaritu duzue alderik leku batetik bestera? 

L. Q.-A.S.T.: Bada nire ustez oso ondo hartuak izan gara. Kaleetan ikusten ziren ere pintadak, agian hemen ez ditugunak hainbeste ikusten. Horrek harritu ninduen ere. Riacen ere oso harrera ona izan genuen, oso herri txikia izanik migranteekin egiten ari diren lana oso potentea da eta gure presentzia ere eskertu egin zuten. Gure ideologiaren pareko jende asko ezagutu dugu, nahiz eta beste leku batzuetan, puntualki, gurekin ados ez zegoen jendea ere aurkitu. Baina orokorrean harrera ona izan dugu.

Liernik, Amaiak eta Sarak, bukatzeko, hurrengo Karabanetara animatu nahi dituzte herritarrak, «azken finean oso esperientzia ona baita, jende asko ezagutzen da eta asko ikasten da ere». Diotenez, «aurten, agian, ez dugu izan hainbeste kontakturik pertsona migranteekin», baina merezi duela azpimarratzen dute. Ez dute ahazten «karabana urtean behin egiten den gauza dela, eta hemen ere lan asko dagoela egiteko. Leioan eta UPV/EHUko Leioako Campusean ere badago Ongi Etorri Errefuxiatuak izeneko taldeak eta hemen hurbil ere baditugu egoera lazgarriak gure arreta merezi dutenak». Haiekin harremanetan jarri nahi izanez gero, e-postaz egin daiteke, helbide honetara idatziz: ongietorrierrefuxiatuak.leioa@gmail.com. Datorren irailean berriro hasiko dira biltzen eta ekimenak martxan jartzen.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude