Els carrers seran sempre nostres

Larunbat arratsaldean heldu ginen Bartzelonara. Raval eta Bornetik paseo bat eman genuen handik zeuden hauteslekuak bisitatzeko. Lasai, patxadaz ikusten genituen katalanak. Itxuraz, inolako larritasunik gabe zeuden bozkalekuak era baketsuan babesten. Euskaldun pilo bat ere baziren bertan, eta asko Born auzoko euskal etxean batu ginen, egunerako antolatuta zegoen jai bat aprobetxatuz. Ez ginen ordea parrandan askorik luzatu, hurrengo eguneko hitzordua goizeko 5etan baitzen.

Gure hostaletik gertuen zegoen ikastetxera joatea erabaki genuen, Jaume Balmes institutura, Passeig de Gracia-tik oso hurbil zegoen hautesleku batera. Bostetarako jendetza elkartuta zegoen hauteslekuaren atarian. Urduritasuna nabaritzen zen giroan eta guztiok jarraitzen genituen gure mugikorretatik erreferendumaren inguruan ateratzen ziren azken berriak. Goizeko 8etan hautestontziak heldu ziren gure kolegiora eta jendeak txalo artean hartu zituzten hautestontzi horiek ekarri zituzten bolondresak. Jendea gero eta baikorragoa zen, poliziarik ez genuelako ikusten erreferenduma hasi baino ordu erdi lehenago. Baten bat Estatuak erreferenduma egiten utziko zuela ausartu zen esatera ere.

Zoritxarrez, goizeko 8:30etan 50 bat polizia agertu ziren, “Robocop”-ez jantzita, gure hateslekuaren parean. Ezustean hartu gintuzten danok, eta bat batean, jendeak herri harresi bat osatu zuen Jaume Balmesen atarian. Poliziek ez zuten zalantzarik izan, eta oso bortizki ekin zioten jendearen aurka, barrura sartu ahal izateko. Han geundenok errestistentiza pasiboaren bidez egin genuen protesta, “votarem” edo “demokrazia” oihukatuz, baina hain gogor kolpatu gintuzten, ezen ez zitzaiela askorik kostatu hautesontzietaraino heltzea. Etsipena eta tristura nagusitu zen bertan geunden guztion artean, pentsatzen baikenuen gure kolegioan ez ezik, gainontzeko guztietan ere polizia sartzen ari zela, eta horrek erreferendumaren porrota suposatuko zuela.

Aitzitik, berehala konturatu ginen beste leku askotan jendeak aurre egin ziola poliziari, eta oraindik kolegio askotara heldu gabeak zirela. Alboko hautesleku batera hurbildu ginen, l´Eixample auzoan. Bertan aurrekoan baino jende laukoitza zegoen. Denok kantatzen eta erreferendumaren aldeko aldarrikapenak oihukatzen. Bizitako momentuak eta internetez ikusten ziren irudiak gogorrak ziren arren, jendea lasai eta egin behar zutenarekin guztiz konbentzituta zegoen. Oso hunkigarria zen 90 bat urteko agure bat bozkatzen ikustea, espainiar poliziaren helikopteroa hauteslekuaren gainetik hegan egiten zuen bitartean. Jendea ez zen poliziaren bortizkeriaren bedur, ezta gerora etor litezkeen zigorren beldur ere, eta benetan sentitzen genuen, polizia etorriz gero ezin izango luketela berriz lortu hautesontziak eramatea.

L´Eixample-n geratu ginen eguna amaitu eta emaitzak eman arte. Adin, genero eta estilo ezberdinetako pertsonak “els carrers seran sempre nostres” (kaleak beti izango dira geureak) oihukatzen entzuteak benetan emoizionatzen gintuen. Begi bistan zegoen Katalunian oso jende ezberdinak egiten zuela aldarrikapenarekin bat, eta benetako iraultza demokratiko baten aurrean geundela sentitzen genuen.

Egun historikoa izan zen, betiko gure memorian gordeko duguna. Ziur nago bertan geunden euskaldun askori, egun horretaklo bizipenek pilak kargatu zizkigutela. Gure herrian ere, erreferendum bat egitearen alde lanean jarraitzeko pilak hain zuzen ere. Leioaztarrok, Azaroren 5ean dugu gure hurrengo hitordua eta erronka. Goazen antolatzera. Els carrers seran sempre nostres. Gure esku dago!

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude